Itxi

Zinema

Goya sariak

'Gol baten moduan ospatu genuen ‘Handia’ren izendapen bakoitza'

Natxo Velez | eitb.eus

"Handia"k beste mugarri bat ezarriko du larunbatean, otsailak 3, bere ibilbide historikoan: 13 izendapen ditu egun horretan Madrilen emango dituzten Goya sarietarako. Zuzendariekin hitz egin dugu.

1:50
Handia

Handia filmak historia egin du dagoeneko: euskarazko inoizko film ikusiena da, eta, bide arrakastatsu horretan, hamahiru ataletan izendatu dute larunbatean, hilak 3, Madrilen banatuko dituzten Goya sarietan.

2015ean, Moriarti ekoiztetxeko lantaldeak (besteak beste, Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño daude horren atzean) lehen sarraldia egin zuen Espainiako Akademiak ematen dituen sarietan, “Loreak”en eskutik: bi ataletan izan zen hautagai Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako filma, baina esku hutsik itzuli ziren moriartitarrak orduan. Oraingoan, ez bide da gauza bera gertatuko, hamahiru ataletan baitago izendatuta filma, beste edozein film baino gehiagotan.

Aitor Arregi eta Jon Garaño Altzoko Handiaren bizitza (eta askoz gauza gehiago) kontatzen duen filmaren zuzendariekin hitz egin dugu, eta beren ahotik jakin dugu (zelan hobeto?) zer lan dagoen izendapen bakoitzaren atzean.

Nola hartu duzue Goyetarako izendapena? Nola jakinarazi zizueten?

Poz handia eman zigun. Zuzenean ikusi genuen, streaming bidez. Kasualitatez, taldekide asko zeuden Irusoinen bulegoetan, eta elkarrekin ikusi genuen. Oso polita izan zen taldekide horietako askoren izenak entzutea, eta izendapen bakoitza gol baten moduan ospatu genuen. 13 izan zirenez, oihu eta besarkada asko egon ziren.

Irakurketa bukatu eta bi minutura, kazetarien deiak jasotzen hasi ginen. Egun osoa elkarrizketak ematen pasatu genuen, baina eguerdian tartetxo bat izan genuen taldekideekin ospatzeko, eta elkarrekin bazkaldu genuen.

gure-kasa-handia_

Jon Garaño eta Aitor Arregi, "Handia" filmaren zuzendariak

Aurten izendapen gehien jaso dituen filma da “Handia”. Zein izan da, zuen ikuspegitik, filmaren arrakasta itzelaren gakoa?

Bada, oso zaila da horri erantzutea. Ikusle desberdinek aspektu desberdinak goraipatu dizkigute. Batzuei teknikoki nola dagoen egina gustatu zaie, beste batzuei aktoreen lana, beste batzuei irudiak, musika, istorioaren tratamendua... Hortaz, zaila egiten zaigu galdera horri erantzutea.

13 izendapen jasotzea, dena den, oso ondo egon da, besteak beste horrela talde teknikoko lankideen lan itzela saritzen delako, modu batean. Pena bakarra aktoreekin daukagu. Eneko Sagardoy izendatu dute, eta asko pozten gaitu horrek, baina Joseba Usabiagak, Iñigo Aranburuk, Ramon Agirrek eta Aia Krusek ere lan ederra egiten dutela iruditzen zaigu eta pena ematen du beraiek izendatuak ez egotea.

Dena den, film onenaren izendapena jaso du filmak, eta horren atzean guztiok gaude, aktore horiek guztiak ere bai, nola ez.

Jende askok ikusi du filma, eta batzuek beren iritzia eman dizuete, seguru. Espero zenituzten iritziak jaso dituzue?

Zinemaldian filma estreinatu zenean, lasaitu ederra hartu genuen ikusle batzuei behintzat filma gustatu zitzaiela jakitean. Zinemaldiaren aurretik, ez genekien %100ean hori gertatuko zen.

Gero etorri dena, hala ere, ez genuen espero, eta oso ederra izan da. Sare sozialetan jende askok goraipatu du filma, batzuek kritikatu ere egin dute, eta emanaldietan eta kalean jende dezentek zoriondu gaitu filmarengatik. Ez gaude kexatzeko moduan.

HANDIA AURKEZPENA EFE

Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean erakutsi zuten "Handia"

Sortzaile gisa, nola egiten diozue aurre publikoaren eta kritikarien harrerari eta sariei?

Zure lanaren parte dela onartu behar duzu. Sariak beti hartzen dira gogo onez, baita kritikak ere, onak direnean, baina kritika txarrekin ere bizitzen jakin behar da.

Dena den, oso modu desberdinean jasotzen dira kritikak, prozesuaren momentuaren arabera. Filma estreinatu berritan, kritika eta sarien aurrean oso sentibera egoten gara. Denborarekin, dena ikusten da desberdin, gehiago erlatibizatzen da.

Zer espero duzue galaz? Nola bizi nahiko zenukete?

13 Goya sari irabaztea zaila izango da, ezinezkoa, egiari zor. Baina sariren bat irabazten badugu, guk uste emozionantea izango dela Goya jasotzea edo lankideak jasotzen ikustea.

Gure ustez, taldekide batzuek aukera handiak dituzte, kinieletan daude, eta, beraz, uste dugu urduri jarriko garela beraien kategorietako sariak ematen hasten direnean. Eta nahiz eta guk aukera gutxiago ditugula uste dugun, gure izenak entzutean urduri jarriko gara.

“Handia”k Goyarik irabazten ez badu, pena hartuko dugu, egia esan. Goya bakarra irabazita poztu egingo gara, baina 13ak irabazten baditugu, bada, askoz gehiago poztuko gara.

“Loreak”ekin ere joan zineten Goyetara. Zerbait aldatuko duzue aurtengoari begira?

Gu berdin joango gara, ilusio berarekin. Orduan bi izendapen jaso genituen (film onena eta musika onena), eta saririk ez. Zaila zen arren, pena eman zigun Pascal Gaignek Goya ez irabaztea. Ea oraingo honetan lortzen duen!

13 izendapen ditu filmak. Azalduko zenukete hitz bitan zer eman dion filmari ondorengo atal bakoitzak….

Efektu bereziak (Jon Serrano, David Heras)

Behar-beharrezkoak ziren XIX. mendea, erraldoia bera, baldintza klimatologikoak eta tiroak sortzeko, Euskal Herritik mugitu gabe Europa erakusteko... David Herasek eta bere taldeak egin zituen efektu digitalak, 400 planotik gora. Jon Serrano eta bere taldea, berriz, filmatzen ari ginen bitartean arduratu ziren efektu berezi fisikoez.

Soinua (Iñaki Diez, Xanti Salvador)

Soinua entzuten dena baino askoz gehiago da: burmuinean sartzen zaizu, era inkontzientean bada ere. Iñakik oso baldintza zailetan grabatu behar izan zuen filma, eta lan ona egin zuen. Xanti magoa da soinua diseinatu eta editatzen, eta asko eman dio bere lan handiak filmari.

Makillajea eta ile-apainketa (Ainhoa Eskisabel, Olga Cruz, Gorka Aguirre)

Erronka handiak zituzten Ainhoa makillajeko arduradunak, Olga ile-apaintzaileak eta Gorka makillaje efektuetako arduradunak. Edozein filmetan da funtsezko lan hori, baina hemen kontuan hartu behar dira batik bat bi gauza, horien lana asko zaildu zutenak: 22 urtean gertatzen den filma da, eta Eneko Sagardoyren aurpegiak erraldoi batena eman behar zuen. Oso lan ona egin dute bi zentzuetan.

Jantzien diseinua (Saioa Lara)

Saioaren lana filmean azaltzen diren ehunka aktore eta figuranteen jantziak diseinatu eta janztea zen: ikaragarrizko lana, kontuan izanda ez zirela berdin janzten Madrilen edo Londresen, Parisen eta Altzon.

Jantziak, gainera, funtsezko pieza dira filmaren aspektu kromatikoa definitzeko, eta horretan ere asmatu duela uste dugu.

Zuzendaritza artistikoa (Mikel Serrano)

Mikel Serranori jarri genion erronka erraldoia zen: XIX. mendea eraikitzea eskatu genion, nekazaritza giroan eta hiri giroetan. Filmean lokalizazio mordoa dago, eta horiek denak girotu eta apaindu behar izan zituzten berak eta bere taldeak, XIX. mendean ginela komunikatzeko. Gainera, bere ukitu pertsonala emateko gai izan zen.

Editatze onena (Laurent Dufreche, Raul Lopez)

Sekuentzia asko eta lokalizazio asko; dudak ere, batzuk. Eta edizio lana asko luzatu zen.

Esan ohi dugu “Handia”k bere baitan film desberdin asko dituela. Gainera, genero desberdinak eta tonu aldaketak ditu, eta horri guztiari erritmoa eta batasuna eman behar zaie: grabatuta dagoen material hori guztia josi, eta zentzua eman.

handia_

Argazkilaritza zuzendaritza (Javier Agirre Erauso)

Film honen istorioak jolasa proposatzen du errealitatearen eta fikzioaren artean, eta argazkilaritza zuzendariari gauza bera egitea eskatu genion. Eskatzea erraza da baina, eta ematea zailagoa.

Eta Javik eskatzen diozun guztia eman eta, hori gutxi balitz, eskatutakoa baino gehiago ematen du. Gainera, argiaz harago dauden gauza asko eskaintzen ditu. Maisu bilakatu da.

Ekoizpen zuzendaritza (Ander Sistiaga)

Gure ustez, zegoen diruarekin filma ezin dela egin esango liguke beste edozein ekoizpen zuzendarik gidoia irakurritakoan. “Ez da erraza izango baina egin dezagun”, esan zuen Anderrek. Eta berari esker egin ahal izan da filma.

Bera da behar genuen dena lortu duena, beti gure irizpide artistikoa errespetatuz. Ezin da gehiago eskatu.

Jatorrizko gidoia (Aitor Arregi, Andoni de Carlos, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga)

Andoni de Carlosek Altzoko Handiaren inguruan animaziozko film bat egiteko ideia ekarri zigun. Berea izan zen lehen bertsioa, eta esan daiteke berak hasi zuela dena. Gero, mamia eman diogu gidoiari.

Jose Marik asko eman dio gidoiari bere ideiekin, asko aberastu du. Gainera, produktore exekutibo, bigarren unitateko zuzendari, muntaian begirale... eta hirugarren zuzendariaren lanak egin ditu momentu askotan. Ezinbesteko pieza.

Jatorrizko musika (Pascal Gaigne)

Pascalen melodiak ederrak dira, eta filmak musika asko ditu, eta desberdinak. Pieza batzuek ez dute zerikusirik beste batzuekin, baina denak familia bereko partaide dira. Izan ere, momentu jakin bakoitzerako pieza perfektua egiteko gai da Pascal.

Azken finean, musikariak filmaren espiritua interpretatzen jakin behar du, gero sortzen duen musika horrekin ikusleek espiritu hori dastatu dezaten. Pascalek egiten duen musikari esker, filma beste zerbait izatera iristen da.

Pascal Gaigne Loreak Goya

Pascal Gaigne "Loreak" filmagatik ere egon zen izendatuta

Gizonezko aktore berria (Eneko Sagardoy)

Askotan galdetzen digute nola lortu dugun erraldoia egitea. Orduan, beti jartzen dugu mahai gainean Enekoren lana. Jendeak trukuei begiratzen die eta oso inportanteak izan dira erraldoia sortzeko, baina meritu handiena Enekorena izan dela uste dugu: keinuak, mugitzeko eta ibiltzeko moduak, hizkera...

Migel Joakin Eleizegiri bizia eman dio, baina ez du erraldoia bakarrik eraiki; nortasuna, sentimendua, psikologia eta, azken finean, gizatasuna eman dizkio pertsonaiari. Lan izugarri handia.


Zer proiektu dituzue orain esku artean?

Gure hurrengo filma “La Trinchera Infinita” izango da. 1936tik 1968ra, 32 urtez, bere etxean ezkutatu zen fikziozko pertsonaia bat du ardatz. Jose Mari Goenagarekin batera zuzenduko dugu, hau da, guk hirurok.

Luiso Berdejorekin batera idatzi du gidoia Jose Marik, eta aktore nagusiak Antonio de la Torre eta Belén Cuesta izango dira. Andaluzian eta Euskal Herrian filmatuko dugu, aurtengo udan.