Itxi

2018/01/23

10:30

Zinema

Espainiako prentsaren sariak

'Handia'k musika eta kartel onenaren Feroz sariak irabazi ditu

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Irabazle nagusiak, ostera, 'Estiu 1993' filma eta Javier Gutiérrez aktorea izan dira. Sari banaketan, emakumeen aurkako sexu-jazarpenak salatu eta emakumeek zineman duten rola aldarrikatu dute.

  • 'Handia' pelikulako lantaldea, Feroz sarietan. Argazkia: EFE

    'Handia' pelikulako lantaldea, Feroz sarietan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Estiu 1993 filma izan da irabazle nagusia Espainiako prentsa zinematografikoak banatzen dituen Feroz sarien bosgarren edizioan, lau sari eskuratuta. Halaber, Javier Gutiérrez aktoreak bi sari bereganatu ditu, eta lau saritarako izendatuta zegoen Handia filmak, ostera, bi lortu ditu; musika onenarena eta kartel onenarena, hain zuzen ere. Sari banaketan, emakumeen aurkako sexu-jazarpenak salatu eta emakumeek zineman duten rola aldarrikatu dute hainbat parte-hartzailek.

Carla Simón zuzendariaren lehen filmak drama, zuzendari eta gidoi onenen sariak bereganatu ditu, eta antzeztaldeko gizonezko aktore onenarena, David Verdaguerren eskutik. Komedia onenaren saria, berriz, Javier Ambrossik eta Javier Calvok zuzendutako La Llamada musikalarentzat izan da.

Gaueko beste irabazle nagusia Javier Gutiérrez aktorea izan da, bi sari irabazi baititu: drama alorreko aktore onenaren saria, Manuel Martií Cuencaren El autor filmean egindako lanagatik, eta komediako telebistako aktore onenarena, Juan Cavestany eta Álvaro Fernández Armeroren "Vergüenza" telesailean egindakoagatik.

Goya sarietarako 13 izendapen dituen Handia filmak musika onenaren eta kartel onenaren sariak irabazi ditu. Halaber, La Llamada filmarentzat izan da trailer onenaren saria.

Nathalie Pozak lortu du drama alorreko emakumezko aktore onenaren saria, Lino Escaleraren No sé decir adiós lanagatik, eta Adelfa Calvok, antzeztaldeko emakumezko aktore onenarena, El autor filmagatik.

Ohorezko Feroz saria Veronica Forqué aktorearentzat izan da. Rossy de Palmak eman dio saria, eta hunkituta jaso du, publikoaren txalo zaparrada batekin. Bere hitzaldian, zuzendari izan dituenak aipatu ditu, gizonezkoak denak. "Oraindik ez dut emakume batekin filmik egin, eta hil aurretik hori egin nahiko nuke", azpimarratu du.

Dokumental onenaren saria La Chana dokumentalak eskuratu du, eta sari berezia, ostera, Antonio Méndez Esparzaren La vida y nada más filmak.

Sexu-abusuen salaketa eta emakumeen aldarrikapena

Julián López aktore eta umoristak aurkeztutako ekitaldiak emakume kutsua izan du, eta, besteak beste, emakumeen aurkako sexu-jazarpenak salatu dituzte hainbat aktorek, zuzendarik eta aurkezlek. Aurkezleak sexu-abusuen gaiari heldu dio, eta Espainian zergatik ez den zinema munduko inoren izenik ezagutzera eman galdetu du. "Hemen, Espainian, hamar urteko atzerapenarekin goaz, eta ez da abusatzaileen izenik ematen", esan du. Halaber, emakumeek zineman duten rola nabarmendu dute.

Bestalde, sari guztiak emakumeek banatu dituzte.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;