Zinema
Urriaren 1etik 7ra
Zinemaldiko filmen aukeraketa bat, Azkuna Zentroan ikusgai
eitb.eus
Urriaren 7ra arte, zinema jaialdian saritutako bi film emango dituzte, besteak beste: “Another day of life” (publikoaren saria) eta “L’Homme fidèle” (gidoi onena).
-
'Another day of life' izango da proiektatuko duten lehen filma
Azkuna Zentroa Bilboko kultur zentroak Zinemaldiaren 66. edizioan lehen aldiz proiektatutako filmen sorta bat aurkeztuko du, urriaren 1etik 7ra, Golem aretoetan.
Hasteko, urriaren 1ean, Another Day of Life Raul de la Fuente zuzendari iruindarraren eta Damian Nenow poloniarraren filma jarriko dute ikusgai, Cannesko Zinemaldian estreinatu eta Donostian publikoaren saria irabazi duena.
Manbiki Kazoku Hirokazu Kore-eda zuzendari japoniarraren film sariduna da ikusgai egongo den hurrengo filma. Cannesko 2018ko zinemaldian Urrezko Palma irabazi zuen, eta Kore-edak Donostia saria jaso du bukatu berri den Zinemaldian.
Ondoren, asteazkenean, zikloak 3 Faces Jafar Panahi zuzendariaren film irandarra eskainiko du, eta L’Homme fidèle Louis Garrel frantses zuzendariaren filma proiektatuko da ostegunean; gidoi onenaren saria irabazi zuen Zinemaldian.
Ostiralean, The Sisters Brothers filmaren txanda izango da. Jacques Audiard zuzendari frantsesak westernera jo du, gidoian Thomas Bidegain zuberotarraren laguntza duela, Joaquin Phoenix, John C. Reilly eta Jake Gyllenhaal protagonista dituen film honekin.
Capharnaüm Nadine Labaki zuzendari libanoarraren filma egongo da ikusgai larunbatean, eta igandean, azkenik, Mirai Mamoru Hosodaren film japoniarrak emango dio amaiera programazioari.
Sarrerak Golem Alhondigako leihatiletan eta webgunean egongo dira salgai. Saio bakoitzaren prezioa 4,5 eurokoa da, Zinemaren Jaian izan ezik (urriak 1, 2 eta 3), 2,90 euroko prezioa izango baitu.