Itxi

Zinema

2018ko Feroz Sariak

'El reino', ustelkeriari buruzko 'thriller'a Feroz sarietan garaile, Bilbon

Agentziak | Erredakzioa

Rodrigo Sorogoyenen pelikulak Espainiar estatuko kritikariek eta kazetariek emandako bost sari irabazi ditu, Bizkaiko hiriburuko Bilbao Arenan egindako ekitaldian.

  • 'El Reino' pelikulako taldea, Bilboko galan.

    'El Reino' pelikulako taldea, Bilboko galan. / Argazkia: EFE.

Rodrigo Sorogoyen zuzendariaren El reino, ustelkeria politikoari buruzko thrillera izan da Feroz Sarietako irabazlea. Espainiar Estatuko hedabide berezituek ematen dituzte sariak. Aurten, Bilbao Arenan egin dute gala.

Film luzeak bost sari lortu ditu hamarretik: pelikula dramatiko onena, zuzendari onena, gizonezko aktore protagonista onena (Antonio de la Torre), bigarren gizonezko aktore onena (Luis Zahera) eta gidoi onena.

Carlos Vermuten Quién te cantará pelikulak lau irabazi ditu zortzitik: emakumezko aktore protagonista onena (Eva Llorach), jatorrizko musika onena (Alberto Iglesias), trailer onena eta kartel onena.

Zuzendari eta gidoilari onenaren sariak jaso dituen Sorogoyenek esan duenez, "istorioak kontatzen eta zinemarik onena egiten jarraitzen dugu, oso larri dagoen industria bat suspertzeko".

Aktoreen artean Anna Castillo izan da sarituena. Bi aldiz saritu dute: Viaje al cuarto de mi madre pelikulan eta Arde Madrid serie komikoan egindako lanagatik.

Komedia onenaren saria Campeones pelikularentzat izan da. Javier Fresserrek zuzendua, desgaitasunak dituzten pertsonei buruzko istorio bat kontatzen du.

Serieen artean, Paco Leon eta Anna R. Costaren Arde Madrid eta Carlos Sedes eta Jorge Torregrossaren Fariña izan dira garaileak.

2018ko Ohorezko Feroz saria Jose Luis Cuerda zuzendariarentzat izan da. Pozik agertu da "istorio xumeak kontatzen dituzten pelikula neorrealistak" egiten direlako.

Lehen aldiz publikoaren aurrean egin dute ekitaldia. 3.000 bat pertsona izan dira Bilbao Arenan Ingrid Garcia Jonsson aktoreak gidatutako sari banaketa ikusteko.

Espainiako Zinema-berriemaileen Erakundeko presidenteak, Maria Guerrak, kazetarien soldaten igoera aldarrikatu du bere hitzaldian.

"Soldata hobeak eta adierazpen askatasuna behar ditugu kazetarientzat, libreki informatu, galdetu eta kritikatu ahal izateko", azpimarratu du.

"Mota guztietako emakumeak" behar ditugula ere aldarrikatu du, "lodiak, lesbianak, zaharrak, gidoilariak, zuzendariak, eta abar", eta onartu duenez, "beldurra ematen digu Vox eta konpainiaren eraginez atzerakada bat egoteak".