Itxi

Zinema

Azaroak 23-30

Lekeitioko Euskal Zine Bileraren 42. edizioa, ate-joka

eitb.eus

Azaroaren 23tik 30era egingo dute Lekeitioko zinema jaialdia, euskarazko filmak soilik erakusten dituena. 20 film lehiatuko dira zuzendaritza, gidoi eta film onenen sarietarako.

  • "Lursaguak"

    "Lursaguak" Izibene Oñederraren filma beste hemeretzirekin batera lehiatuko da

Azaroaren 23tik 30era, Euskal Zine Bilera egingo dute, berrogeita bigarrenez, Lekeition, “euskaraz egiten diren ikus-entzunezko lanen erakusleiho bilakatzen jarraitzeko”.

Ekimenak hiru ataletan banatzen ditu zinema jaialdiak: Branka atalean, lehiaketa dago, eta euskaraz ekoitzitako lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituena. 20 lan izango dira hautagaiak zuzendaritza, gidoia eta film onenaren sariak irabazteko, eta publikoak ere ikuslearen saria aukeratuko du, boto emanez. 

Gainera, profesionalen hirugarren topaketak antolatu ditu Euskal Zine Bilerak, (H)emen plataformarekin elkarlanean. Horretan, ikus-entzunezkoen hainbat eremutan musika egiten duten emakumeen arteko mahaingurua izango da, besteak beste.

Aurten, Euskaltzaindia eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin elkarlanean, ekimen berezi bi aurkeztuko dira jaialdian: ‘Euskaltzaindia: Egunak eta lanak’ izeneko dokumentala proiektatuko da Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak “Kartzela” serie digitala estreinatuko du.

Era berean, Juanmi Gutierrez omenduko dute aurtengo Euskal Zinemaren Begiradak sailean: Lekeition aurkeztu eta sarituak izan ziren hiru film labur proiektatuko dira: Itxoiten (1982), Izeba Rosa (1984) eta Urbeltzak, Orosia (2003). Eta bere azken lana izan zena Lekeition estreinatuko dute primizian: Denbora aldakorra (2019).