Itxi

Zinema

Memoria aurkeztu dute

Euskadiko Filmategiak euskarazko lehen dokumentalak zaharberritu ditu

Erredakzioa

Gotzon Elortzaren lanak dira, eta Zinemaldian estreinatuko dituzte. Gainera, Alex de la Iglesiaren inguruko liburua eta zikloa ari dira prestatzen, eta zinemateken inguruko mintegia ere egingo dute.

Euskal jatorriko ikus-entzunezko film eta dokumentalak gordetzeaz gain, pelikulak zaharberritzen ditu Euskal Filmategiak, eta, berriki, Gotzon Elortza bizkaitarraren hiru dokumental zaharberritu ditu. Egun ditugun euskarazko lehen dokumentalak dira: Ereagatik Matxitxakora (1960), Elburua Gernika (1962) eta Aberria (1961). Donostiako Zinemaldian estreinatuko dituzte.

Gainera, uda ostean, Alex de la Iglesia zinemagilearen inguruko liburua kaleratuko du Filmategiak, eta Bilboko zuzendariaren lanak berrikusteko zikloa ere jarriko dute abian.

Ez dira hauek 2011rako aurreikusitako ekimen bakarrak. Azaroaren 24an eta 25ean ikus-entzunezko artxiboen eta digitalizazio prozesuen inguruko erronkak aztertuko dituen mintegia egingo dute Donostian, San Telmo Museoan. Penintsula osoko zinematekek hartuko dute parte.

Joxean Fernandez Filmategiko zuzendariak eta Antonio Rivera Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak aurkeztu dituzte ekitaldi hauek guztiak prentsaurrekoan. Euskadiko Filmategiko iazko memoriaren nondik norakoak ere izan dituzte hizpide, eta ''''trantsizio'''' epetzat jo dute garai hori. Erakundeetako laguntza murritzagoak jaso eta baliabide gutxiago izan dituztela azaldu dute, eta horrek ''''defizit txikia'''' eragin duela kontu publikoetan.