Publizitatea
Itxi

2020/02/26

10:30

Zinema

Elkarrizketa

Mikel Rueda: "Ez diogu geure buruari gu geu izateko luxua aitortzen"

Natxo Velez | eitb.eus

Bilbotar zuzendariak “El doble más quince” Maribel  Verdú eta German Alcarazu protagonista dituen filma estreinatuko du ostiralean, otsailak 28, Hegoaldeko zinema aretoetan.

1:32
Maribel Verdú eta Mikel Rueda
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Mikel Ruedak (Bilbo, 1980) “El doble más quince” EiTBren parte-hartzea duen pelikula erakutsiko du ostiraletik aurrera Hegoaldeko zinema aretoetan, bere hirugarren film luzea “Izarren argia” eta “A escondidas” lanen ostean. Anak (Maribel Verdú) eta Ericek (German Alcarazu) ezustean egingo dute bat, eta espazio partekatu bat osatuko dute elkarrekin, munduak aurrean jartzen dizkien galderei bertatik erantzuteko. Izan ere, bidegurutze bertsuak aurkitzen dituzte bidean dena egiteko duen gazte batek eta itxuraz berarengandik espero zen guztia bete duen emakume heldu batek.

Alde formalean apustu pertsonal eta zaindua eginik, Ruedak aurrez aurre jarri ditu bi pertsonaiok, isilaldi sendoak tartekatzen dituen elkarrizketa batean, agerian utzita esaten duguna ez ezik esaten ez duguna ere bagarela, egiten duguna ez ezik itotzen ditugun bulkadak ere bagaren bezala.

Ruedarekin hitz egin dugu, berarentzako aste zoroan, “El doble más quince” lanaren estreinarekin bat egin baitu “Veneno” Javier Calvo eta Javier Ambrossik sortutako telesailaren bi atal zuzentzeko mandatuak.

Harrigarriro, “El doble más quince” fim luzearen ideia “Caminan” aktore berak protagonista dituen eta film luzea garatzeko balio dizun film laburrarena baino lehenagokoa da. Zer eskaini dizu film luzearen formatu askeagoak?

Bada, bai, film luzearen ideia film laburrarena baino lehenagokoa da, baina Zinebi nirekin harremanetan jarri zen “Bilbao.Exterior.Día” bilbotar zuzendariek egindako film kolektiboan parte hartzeko, eta oso aukera ona iruditu zitzaidan sekuentzietako bat egiteko eta koloreak eta estetikak probatzeko, gidoia ondo zihoan begiratzeko edo Maribelek eta Germanek funtzionatzen ote zuten ikusteko… Eta, gainera, finantzazioa bilatzeko erabil nezakeen.

Gero, film luzean, isilaldiekin gehiago jolastu ahal izan nintzen, “Caminan”en ere egin nuen bezala. Nire ustez, film laburra egin izan ez banu, ez nuen egingo. “Caminan” laburrak hamahiru minutuko iraupena du, eta gidoia bost orrialdekoa zen, pelikularen minutu bakoitzari gidoiaren orrialde bat dagokiola esaten bada ere. “Caminan” lanean, konturatu nintzen istorioak isilaldiak eskatzen zituela, pertsonaiei denbora ematea.

Pertsonaiek ez dute dena esan behar. Hitz egiten dute, baina elkarri begiratzen diote eta isildu egiten dira, eta horren jatorria “Caminan” da. Pelikulari arnasa eman diot, pertsonaiek hala behar zutelako, instrospektiboak eta beren barnera bilduak izaki.

Nola landu dituzu isilune horiek? Nola irudikatu zenituen gidoiak eta nola kudeatu dituzu filmatzean?

Isiluneak gidoian zeuden, baina filmatzean inplementatu egin ditut. Hori gertatzea nahi nuen, baina “Caminan” lanak erakutsi zidan arnasa utzi behar nuela. Filmatzean, aktoreei gidoian idatzita zegoen baino gehiago utzi nien isiltasunetik eraikitzen.

Nahasketa bat izan zen: nik hala idatzi nuen, bai, baina filmatzean berretsi nuen horrek hala behar zuela.

Berarekin “A escondidas” filmean lan egin eta gero, berriz jo duzu German Alcarazu bilbotar aktorearengana. Zer atsegin duzu bere lanetik? Zelan deskribatuko zenuke aktore gisa?

German, batik bat, intuizioa da. Nolabait esateko, lanbideak hondatu ez duen mutiko bat da. Orain bai ari da ikasten, eta “El doble mas quince”n hasi ginenean alde handia igarri nuen “A escondidas”eko Germanekin.

Oraingoan, gustuko ez ditudan gauza batzuk kendu behar izan ditut. Eskoletan, segurtasuna ematen dieten hainbat baliabide irakasten dizkiete aktoreei, baina freskotasuna kentzen die horrek, eta horren aurka egin nuen. German intuitiboena errekuperatzen saiatu nintzen, eta berak oso ondo ulertu zuen hori, oso azkarra baita.

Gaur egun aktore askok egiten duten bezala dena modu mekanikoan eta bikain, beti berdin, irtetea bilatu beharrean, intuitiboa izatea nahi nuen, jarioa izatea eta markei eta kontu mekanikoei arreta jarri gabe aritzea.

Intuizioak freskotasun handia ematen dionez, jazotzen den hori lehenengoz gertatzen ari dela dirudi, eta zoragarria da hori. Gozamen hutsa da une oro horrenbeste ematen dizun aktore batekin lan egitea.

Pelikularen zati handi bat Maribel Verduren interpretazioan oinarritzen da. Nola iritsi zen proiektura? Nolakoa izan da horren aktore handiarekin lan egitea?

Maribel lehen unetik egon zen nire buruan, gidoia berarengan eta Germanengan pentsatuta idatzi bainuen, baina ez nekien proiektuan egotea lortuko nuen edo ez. Barbara Goenaga “Izarren argia” nire lehen pelikulako protagonistaren bitartez etorri zen dena, Maribelen oso lagun handia baita.

Deitu zion, eta zita itsu bat prestatu zigun. Madrilera jaitsi nintzen, elkar ezagutu genuen eta, topikotzat jo baliteke ere, adiskidetasun kolpe bat izan zen. Oso polita izan zen, eta lehen segundotik ulertu genuen elkar. Gidoia irakurri gabe ere, nirekin lan egin nahi zuela esan zidan. Gero, gainera, irakurri zuen, eta are gogo handiagoa zuen. Ordudanik, oso harreman berezia sortu dugu, eta erabateko konfiantza dugu elkarrekin. Horregatik, bestela egingo ez zituen hainbat jauzi egin ditu oraingoan. 

Maribelek fidagarritasun handia eman dio proiektuari, horren esperientzia aberatsa duen aktore batekin lanean denok ikasten baitugu, neuk, Germanek eta lantaldeak, eta, gainera, setean egoteko duen moduak segurtasun handia eman digu guztioi, lantalde gaztea baikara.

Maila emozional hori daukan emakume bat alboan izatea oso lagungarria da krisialdietan.

Atzealdea desenfokatuta edo enkoadraketa berezien bidez, pertsonaiok beren ingurutik islatzen dituzu. Baliabide estetikoa baino zerbait gehiago da, ezta?

Bai, baliabide superkontzeptuala da, noski. Pelikula bat norabait iristeko, zuzendaritzatik hartu behar diren makina bat erabaki daude atzean. Gidoia dago, aktoreen lana, baita hori guztia nola erakutsiko duzun ere.

Obsesio apur bat dut koloreekin eta planifikazioarekin, eta Kenneth Oribe argazkilaritza zuzendariarekin askotan eseri naiz hitz egiteko: kamera nola mugitu behar zen, zer leiar erabili behar zen, zer plano zein aktorerentzat…

Desenfokea erabili genuen, azken finean, pelikularen ardatza delako eurak izateko inguruan burbuila bat eraikitzen duten bi pertsonaiaren istorioa, eta erabat isolatu nahi genituen. Haien munduan sartzen diren guztiak fokutik at daude, ez baitzaizkigu interesatzen, eta bien espazioan sartzen direnek bortxaz zeharkatzen dute burbuila hori.

Ideia hasiera-hasieratik zegoen hor: kolore hotzetatik kolore beroetara pasatzen da, mutikoak jantzi gorri biziak daramatza eta emakumeak gorri iluna, higatua... Oso neurtuta dago dena, kolorearekin obsesio handia baitaukat. Plano bakoitzean dena eduki nahi nuen kontrolpean, eta Maribelek erotuta nengoela esaten zuen. Pelikularen zein unetan geunden, koloreak tonu batetik bestera joan behar zuen. Plano bakoitzean, ez dago kolore bat ere oharkabean dagoenik hor. Superneurtuta dago dena.

Nahiz eta belaunaldi eta egoera sozioekonomiko oso ezberdinetatik etorri eta bizipen oso ezberdinak izan, bi pertsonaiak zerbaiten bila ari dira. Zer da? Uste duzu bizipenak pilatu arren funtsean ez garela horrenbeste aldatzen?

Ez dakit gauza beraren bila ari diren, baina gauza berak mugitzen ditu: beldurrak. Askotan beldurrak gidatzen ditu, ez baitakite zer den “bizitzea” esaten zaion hori. Denok egiten dugu ahal duguna, baina ez dugu eskulibururik.

Nerabezaroa eta helduaroa batu nahi nituen, zeren eta nerabezaroan, garatzen ari zarela, ez baituzu jakiten nor zaren eta galdera asko egiten dizkiozu zeure buruari (nor naiz? zer egin behar dut?...). Helduaroan, hogeita hamar urte geroago, gizarteak eskatzen dizkizun betebehar guztiak gauzatu dituzunean, galdera horiek berriro agertzen dira, baina, bat-batean, tsunami bat balira bezala.

Nire ustez, tartean urte pilo bat egonagatik, bi munduok oso gertu daude elkarrengandik, eta pertsonaiak alde batera edo bestera lerratzen dituen motorra bat da: beldurra, ez jakitea, jakin-nahia, nola ez jakinda ere bizi nahi izatea…

Eta zerk eragozten die, zure ustez, beren egunerokoan frustrazioak garatzea edo, protagonisten kasuan, ez komunikatzea? Zerk askatzen ditu azkenik pertsonaiak eta zer ematen diote elkarri?

Azala eskaintzen diote elkarri, konfiantza, isla, ispilu bat. Bat-batean, islatzen zaituen norbait aurkitzen duzunean, izateko bidea ematen diozu zeure buruari. Egunerokoan, geure buruari eragotzi egiten diogu geu izatea, mozorroa jantzita egoten gara une oro, ez garena izateko ahaleginean, nora eramango gaituen ez dakigun zerbait erakutsi nahian. Eta, funtsean, besteek gu epaitzearen eta markatzearen beldur gara.

Ez diogu geure buruari geu izaten uzten, eta pertsonaia hauek burbuila batean biziko dira 24 orduz, beren egoeretatik isolatuta eta eurak izaten utziko diete beren buruei. Ez diogu geure buruari gu geu izateko luxua aitortzen, nahiz eta batzuetan beldur izan.

Zer eskatzen diozu pelikulari? Zer gustatuko litzaizuke pentsatzea ikusi berri duen norbaitek?

Eskatuko nieke aurrera egiteko, trabarik ez jartzeko, orduan sor bailiteke zerbait. Batzuetan, aurreiritziekin edo beste zerbaitetan pentsatzen sartzen gara zinemara, baina merezi du aurrera egitea eta zure bizitzaren bi ordu ematea, norabait eraman zaitzaten. Zoritxarrez, galtzen ari da hori. Hiperkonektatuta bizitzen saiatzen gara, eta batzuetan ahaztu egiten dugu geure buruarekin egoten.

Zinemak, zinema aretoak, badu magia hori. Bi orduz, zeure buruarekin eta kontatzen ari zaizkizunarekin konektatzen uzten dizun toki batean gelditzen zara, isolatuta. Oso ondo legoke jendea jarrera horrekin joatea pelikula ikustera.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena