Zinema
Estreinaldiak
'Urte berri on, amona!', zinema aretoetan
Erredakzioa
Sofia Coppolaren 'Somewhere'; Win Wendersek zuzendutako 'Pina' musikala, 'Hiru mosketariak' 3D formatuan, eta Johnny English dira aste honetako beste proposamen berriak.
Telmo Esnalek azken urteetan euskal zinemak eskaini digun proposamen interesgarrienetakoa eramango du pantaila handira. Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko 59. edizioan arrakasta handiarekin aurkeztu ostean, zinema aretoetara iritsiko da 'Urte berri on, amona!'. Umore beltzak markatutako lan honetan, Mari amona zaindu behar duen familia erakusten du. Haren suhiak erabaki latzak hartu beharko ditu familia haustea ekiditeko.
'Hiru mosketariak' 3D formatuan eta euskaraz ikusi ahal izango da Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak gidatutako Zinema Euskaraz programari esker. Alejandro Dumasen eleberrian oinarritutako bertsio berria Paul W. S. Andersonek zuzendu du; besteak beste, Resident Evil lanaren arduraduna.
Sofia Coppolak Urrezko Lehoia lortu zuen Venezian 2010eko Zinema Jaialdian Somewhere filmarekin. Stephen Dorff aktoreak Johnny Marco gorpuztuko du, gehiegikeriaz betetako bizitza eta Hollywoodeko Chateau Marmont hotelean bizi den aktorea.
Win Wenders alemaniarrak Pina filma idatzi, zuzendu eta ekoiztu du; dantza garaikidearen zutabe nagusietakoa den Pina Bausch koreografoak hil aurretik sortutako dantza konpainiari buruzko lana.Hiriko agertokietan grabatutako lan honekin, dantzaren eta zinemaren arteko harremanetan iraultza egin nahi izan du.
Rowan Atkinsonek gorpuzten duen Johnny English agente sekretuak abentura berriak proposatzen dizkigu. Oliver Parkerrek zuzendu du, eta, besteak beste, Gillian Anderson (Expediente X), Dominic West (Centurión) eta Rosamund Pike (007: Die another day) aktoreek parte hartu dute bertan.
Etengabeko gatazkan dagoen gizarte bati buruzko lana sinatu du Ramon Termes zuzendariak. Katalunian oinarrituta dago Catalunya über alles!, eta espetxetik atera berri den gizon baten, langabezian dagoen etorkin baten eta arrakasta handiko enpresari baten arteko harremana erakusten du. Joel Joan, Jordi Dauder, Gonzalo Cunill eta Babou Cham dira lan honetako aktore nagusiak.