Itxi

Zinema

Zinema jaialdia

Beldurrezko eta Fantasiazko zinemarekin hitzordua, Donostian

Erredakzioa

20 film luze eta 15 film labur lehiatuko dira aurten Sail Ofizialean. Gainera, 'The Prodigies' filma 3Dtan ikusteko aukera egongo da.

00:25
'Livide' lanak irekiko du Donostiako Beldurrezko Astea

Hemen da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XII. Astea. Azaroaren 4ra arte, beldurrezko eta fantasiazko zinemazaleek hitzordua dute Gipuzkoako hiriburuan, generoa jorratzen duten hainbat film luze eta film labur ikusteaz gain, erakusketekin eta kaleko zenbait jarduerarekin gozatzeko aukera izango baita Donostian.

Sail Ofiziala
20 film luze lehiatuko dira aurten Sail Ofizialean, Publikoaren Saria (6.000 euro) eskuratzeko. Besteak beste, 'Lobos de Arga', 'Attack the Block' eta 'Troll Hunter' lanak izango dira lehian.

Sail Ofizialeko film laburrak, bestalde, 15 izango dira, eta hiru sari eskuratzeko aukera izango dute: Publikoaren Saria, Nazioarteko Epaimahaiaren Saria eta Publiko Gaztearen Saria.

'Livide' (Alexandre Bustillo, Julien Maury) zintak irekiko du aurten lehiaketa, eta 'Juan de los muertos' (Alejandro Brugués) lanak itxiko du Sail Ofiziala, lehiaketaz kanpo.

Gainera, 'The Prodigies' (Antoine Charreyron) pelikularen emanaldi berezia ere eskainiko dute, 3Dtan.

Zikloak eta erakusketak, programa osatzeko

Zenbaitek ''amoral, deseroso eta korronte kontrakoa'' gisa definitu ohi duen zinemari ziklo berezia eskainiko diote aurtengo edizioan. 'Laranja mekanikoa' pelikula oinarri hartuta, fikziozko lan bat debekatu eta zigortzea zilegi den edo ez aztertzea izango du zikloak helburu, joan den urtean 'A Serbian film' pelikularen emanaldia bertan behera gelditu ondoren. Donostiako epaitegi batek pelikularen emanaldia bertan behera uztea erabaki zuen, ''kautelazko neurri gisa''.

Filmekin batera, VIII. Komiki Jardunaldiak eta Deabru Beltzak antzerki-taldearen emanaldia ere izango dira aurtengo programazioan.

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, kalean

'Zombie Walk' ekimenaren lehen edizioak izandako arrakasta ikusita, aurten Alde Zaharreko tabernetan txikiteoa egingo dute azaroaren 4an. 'Poteo of the dead' izena izango du ekimenak, eta makillatzeko gune bat jarriko dute Boulevardeko kioskoan, hitzordura behar bezala joateko.

'Nekrogune Fashion Week' jaialdiak, gainera, Donostiako artista gazteek
beldurrezko eta fantasiazko generoetan oinarrituta egindako kamisetak erakutsiko ditu. Beldurrezko aginte-makila eskuratzeko, 'Master of domo' lehiaketan parte hartu beharko da. Final handia azaroaren 2an izango da, Fnac saltokian, 19:30ean.

Familiako kide guztiek 'Galdutako zonbiaren bila' abenturan parte hartzeko aukera izango dute. Urriaren 30ean egingo dute euskal 'gymkhana' berezi hau, taldeka, Donostiako Alde Zaharrean.