Zinema
80ko zinemari omenaldia
'Lobos de Arga': beldurrezko komedia, karikaturatik urrun
Erredakzioa
Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Astean aurkeztu dute, Sail Ofizialean. Juan Martinez Morenok zuzendu du, eta Gorka Otxoa, Carlos Areces eta Secun de la Rosa aktoreak ditu protagonista.
'Lobos de Arga' pelikula aurkeztu dute astelehen honetan Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Astean. Juan Martinez Moreno ('Dos tipos duros' eta 'Un buen hombre') zinemagileak zuzendu du lana, eta Gorka Otxoa, Carlos Areces eta Secun de la Rosa aktore ezagunak dira protagonistak.
Komedia da bat, baina baita beldurrezko pelikula bat ere. Karikaturatik urrundu eta 80ko hamarkadako zinemari omenaldia egin nahi dio.
Sitgeseko zinemaldian izan ondoren, Donostian da orain filma, Beldurrezko eta Fantasiazko Astean Sail Ofizialean lehian. Ikusmin handia piztu du lanak, eta astearte honetako emanaldirako sarrerak lehen egunean agortu izana horren erakusgarri dugu.
Maldizio bati aurre egin behar dion Galiziako Arga herrian kokatzen da istorioa. Azken mendean, gizotsoen bisitei aurre egin behar izan diete bertako herritarrek, eta, horri azkena emateko, maldizioaren sorburura joko dute: aristokrata familia baten azken ondorengoarengana.
''Komedia hor dago, baina beldurrezko eta fantasiazkoa zinema errespetatzen du, gu genero horren benetako zaleak baikara. Beldurra ematen zidan ikusleek parodia bat zela uste izatea. Dena den, filma gustatu ala ez, agerikoa da generoa errespetatzen dugula'', esan du zuzendari madrildarrak prentsaurrekoan.
Generoak nahasteko arrazoia ere azaldu du Martinez Morenok. ''Beti izan dut nahasketa gogoko, eta 80ko hamarkadako ikutua eman nahi nion lanari'', esan du.
2012ko urtarrilean edo otsailean iritsiko da filma zinema-aretoetara