Zinema
EITBren laguntzarekin
'Azken bidaia' dokumentala, ostiraletik aurrera zinema-aretoetan
Erredakzioa
Bigarren Mundu Gerran pilotu aliatuei muga pasatzen lagundu zien Comète Sarearen inguruko pelikula da.
Ostiralean estreinatuko dute zinema-aretoetan 'Azken bidaia' dokumentala, Bigarren Mundu Gerran pilotu aliatuei muga pasatzen lagundu zien Comète sarearen inguruko pelikula.
Irune Telleriak eta Enara Goikoetxeak zuzendu dute zinta, eta Moztu Filmak, Offworld (Belgika) eta Amo Films (Frantzia) produkzio-etxeen lana da. EITBren partaidetza ere izan du.
Zinemaldiko Zinemira sailean hautatua izan ondoren, joan den ostiralean Madrilen aurkeztu zuten, Stanley Hope (Comète sareak erreskatatutako Bigarren Mundu Gerrako beteranoa) bertan zela.
'Azken bidaia' lanak zorigaiztoko gau batean gertatutakoa kontatzen du. Orain dela 60 urte baino gehiago, sei pertsona atxilotu zituzten Pirinioetatik gertu dagoen baserri batean. Pertsona hauetako bakoitzaren istorioak, Bigarren Mundu Gerran Comète ihesbide sarea osatu zuten ehunka pertsonaren istorioa ere islatzen du. Beldurra nagusi izan zen garaian, Belgikan, Frantzian eta Espainian zehar zabaldu zen gizatalde horren kemena. Dokumentala izan arren, fikzioko elementuak ere erabiltzen ditu lanak.
Ostiralean iritsiko da zinema-areto komertzialetara, baina astearte honetan Donostian aurkeztu dute.