Itxi

Zinema

ETBren laguntzarekin

Horacio Echevarrieta industrialariaren inguruko dokumentala, Zinebin

Erredakzioa

'El último magnate' filmak 'Espainiako Kane hiritarra'ren istorioa kontatzen du. Ezkutuko akordioa egin zuen Echevarrietak Alemaniarekin, punta-puntako arma modernoenak garatzeko.

00:43
Horacio Etxebarrieta industrialariari buruzko dokumentala, Zinebin

'El último magnate' Horacio Echevarrieta euskal industrialariaren istorioa oinarri duen dokumentalaren aurkezpena hartu du ostegun honetan Zinebik. José Antonio Hergueta eta Olivier van der Zee zinemagileek zuzendu dute lana, eta ostegun honetan bertan estreinatu dute Bilbon, Guggenheimeko auditorioan.

Filmak Echevarrietaren eta 'E-1' itsaspekoaren istorioa kontatzen du, historialari askorentzat oharkabean joandako pasartea. Aurreko mendeko 20ko hamarkadan hasitako isilpeko azpijokoa da oinarria: espioitza, azpikeria politikoa, isilpeko armen ekoizpena eta orduan munduko itsaspekorik onena zenaren eraikuntza.

Madrilgo Kale Nagusia eta Bilboko Zabalgunea sustatu ez ezik, Iberia eta Iberdrola enpresen sorreran ere hartu zuen parte, eta 'El Liberal' garaiko egunkariaren eta Cadizeko ontziolaren jabea ere izan zen. Primo de Riveraren diktaduran berebiziko pertsonaia izan zen, eta, pelikula honetan kontatzen denez, bultzatzaile nagusietakoa izan zen 20ko hamarkadan Alemania berriz armatzeko azpilanetan.

Zehazki, Espainian arma modernoenak sortzeko Echevarrietak Alemaniarekin sinatutako akordio du dokumentalak hizpide. Bertan kontatzen denez, Versalleseko akordioa dela-eta orduan legez kanpokoak ziren arma horiek garatzeko ezkutuko hainbat batzar egin zituzten Echevarrietaren lursailetan  Alfonso XIII.a erregeak, Primo de Rivera jeneralak eta hainbat agente sekretuk, tartean Wilhelm Canarisek. Echevarrietaren arrakastetako bat 1931n Cadizen eraikitako E-1 itsaspekoa izan zen, gerora bere arrakastaren bukaeraren hasiera izan zena.

Sincro Producción euskal ekoiztetxeak eta MLK Producciones Malagako enpresak ekoitzi dute, ETBren, Canal Sur TVren eta Canal de Historia katearen laguntzarekin.

Proiektu hau gauzatzeko bost urteko lana behar izan dute, bost herrialdetan: Espainian, Holandan, Alemanian, Britainia Handian eta Estatu Batuetan. Zehazki, Malagan, Bilbon, Madrilen, Cadizen, Salamancan, Rotterdamen, Hagan, Berlinen eta Bremenen filmatu dute.

Urtarrilean iritsiko da lana zinema-aretoetara.