Zinema
53. edizioa
Zinebi berezia, EITBren eskutik
Erredakzioa
Bilbon egingo den jaialdiaren edizio berrian EITBk lau film berri erakutsiko ditu.
Zinebi jaialdiaren 53. edizioan eskainiko dituzten emanaldi bereziek aurten ere EITBren laguntza izango dute. Proiekzio horiek euskal zinemagile berrien joerak eta lanak ezagutzeko balio dute, eta horien filmetan erakusten dituzten ingurune historikoaren eta kulturalaren kodeak gertutik ezagutzen lagunduko digute.
EITBk lau filmetan hartu du parte; horietako hiru dokumentalak dira eta laugarrena, fikziozko lana:
'Anfitrioi berezia' telebistarako fikziozko lana da. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza izan du Javier Rebollok zuzendu eta María Eugenia Salaverriak idatzi duen lanak. Itsas ondoan dagoen etxe batean ostatu hartu duen arkeologo talde gazte baten eta hango zaindari misteriotsuaren arteko bizipenak biltzen ditu. Azaroaren 12an izango da ikusgai, BBK aretoan, 20:00etatik aurrera.
Egoitz Rodriguez Oleak zuzendutako 'Zerutik sua dator' dokumentalean gerrate zibilean Bizkaiko hainbat herrik jasandako bonbardaketak erakusten ditu. Bilboko Guggenheim museoko auditorioan eskainiko dute, azaroaren 16an, 20:00etan.
J.A. Hergueta eta Olivier van der Zee zuzendariek 'El último magnate' dokumentala erakutsiko dute. Horacio Echevarrieta enpresariaren bizitzari buruzko dokumentala azaroaren 17an emango dute Guggenheim museoko auditorioan, 20:00etan.
'Travesía de Bilbao' Antonio Cristobalek eta José Miguel Azpirozek zuzendu duten lana da. Bertan, Bilboko hainbat gunetatik zehar bidaia proposatzen dute, horretarako Miguel de Unamuno, Blas de Otero eta Gabriel Aresti idazleen lanak baliatuz. Azaroaren 15ean, Guggenheimeko auditorioan, 20:00etan.