Zinema
Asteko estreinaldiak
'Crepusculo' zinema-aretoetan berriz, 'Amanecer' laugarren atalarekin
Erredakzioa
Roman Polanski ere bueltan da, 'Carnage' pelikula aurkezteko. Robert de Nirok 'Killer Elite' estreinatuko du, eta, gurean, 'Gartxot' lana izango da ikusgai, Asisko Urmenetaren marrazkiekin.
Ez da asteko itzulera bakarra. Etxean giltzapetuta egon ondoren, pantaila handira itzuli da Roman Polanski zuzendari poloniarra, oraingoan 'Carnage' lanarekin. Yasmina Rezaren antzezlan ezagunean oinarrituta dago filma, eta Jodie Foster, Kate Winslet, Christoph Waltz eta John C. Reilly dira protagonistak.
Geurean, 'Gartxot' ikusteko aukera izango dugu, Asisko Urmenetaren marrazkiekin eta Benito Lertxundiren musikarekin girotutako istorio epikoa. Arturo Campion idazle nafarrak utzitako koblakariaren euskarazko istorioa da, eta gaztelerazko azpitituluekin estreinatuko dute.
Bill Condon zinemagileak zuzendu du 'Amanecer', eta amodioa, mugarik gabeko adiskidetasuna, sakrifizioa eta onarpena dira lan berri honetan balore nagusiak. Bellaren eta Edwarden lehen alabaren jaiotza ate-joka dago, Jacob Blackentzat ondorio harrigarriak ekarriko dituen gertaera.
Etxean giltzapetuta zela moldatu zuen Roman Polanski zuzendariak 'Carnage' antzezlana. Komedia dramatiko bat da, eta, 11 urteko bi bikoteren semeek elkarrekin izandako borrokak eraginda, bi bikoteren liskarra du oinarri. Bikoteetako baten egongelan garatzen da pelikula ia osotasunean.
'The fear men' Ranulph Fiennes egilearen eleberrian oinarritutako akzio thrilerra da 'Killer Elite'. Gary McKendry zinemagile irlandarrak zuzendu du, eta Danny (Stathaman) operazio berezietarako agente ohiaren istorioa kontatzen digu. Hunter (De Niro) bere azken jagolea libre uzteko punta-puntako agente taldea gidatu beharko du Dannyk, baina bidean Spikek (Clive Owen) zuzendutako militarrekin egingo dute topo.
'Gartxot' XII. mendean dago girotuta, Nafarroan, Donejakue bidean. Orreagan, fraideen artean, kanturako bereziki iaioak diren bi pertsonaia dira protagonistak: Gartxot eta Mikelot aita-semeak. Abade berriak ez ditu gustuko, Euskal Herriaren oroimena eta kultura euskaraz abesten dituztelako. Fraideen artean, latina nagusitzeko ahaleginetan ari dira. Horrela, Gartxot deserriratu eta Mikelot bahitu egingo dute. Arturo Campionek idatzia, istorio epikoa da 'Gartxot'. Asisko Urmenetak figura kubistak jarri ditu pantailan, eta marrazkilari eta zuzendari lanetan aritu da, Juanjo Elordirekin batera. Kondairak markatu egin du Benito Lertxundi, eta horren kantutegitik ateratako doinuek girotu dute lana. Marrazkietan egina bada ere, dramatismo izugarria dario kontakizunari.