Itxi

Zinema

Festival du Cinéma Espagnol

13 euskal film erakutsiko dituzte Nantesko zinemaldian

N. V. | EITB Media

Frantziako hiriko Festival du Cinéma Espagnol jaialdiaren barruan, 'Fenêtre Basque' leihoa irekiko dute martxoaren 25etik apirilaren 4ra.

  • "Nora"

    "Nora" Lara Izagirreren filma emango dute, besteak beste

Nantesko Festival du Cinéma Espagnol zinemaldiak 30. edizioa egingo du aurten, martxoaren 25etik apirilaren 4ra, eta 'Fenêtre Basque' edo 'Euskal Leihoa' atalak 13 euskal film eskainiko ditu bertan, zazpi luze eta sei labur.

Hain zuzen, Oskar Alegriaren 'Zumiriki', Asier Altunaren 'Arzak Since 1987', Imanol Rayoren 'Hil kanpaiak', Lara Izagirreren 'Nora' (2020) eta Telmo Esnalen 'Urtzen' film luzeak ikusiko dira, eta bi euskal ekoizpen izango dira jaialdiaren sail ofizialean: Juanma Bajo Ulloaren 'Baby' eta David Pérez Sañudoren 'Ane'.

Eskainiko diren film laburrak, aurreko urteetan bezala, Kimuak 2020 aukeraketan jasotakoak dira: Tucker Dávila Wood eta Larry Mankusoren 'Barbudos', María Elorza eta Koldo Almandozen 'Quebrantos', Paul Urkijoren 'Dar-Dar', Huazkena Taldearen 'Ehiza', Pablo Hernandoren 'El ruido solar' eta Marina Palacioren 'Ya no duermo'.

Jaialdia FestivalScope platafoma bidez egingo dute aurten.