Zinema
Asteko estreinaldiak
'Mission Impossible' eta 'The Artist': efektu bereziak vs zinema mutua
Erredakzioa
Pantaila handian dugu berriz Tom Cruise, akzioz betetako proposamenarekin. Aurrez aurre, 'The Artist' zuri-beltzean filmatutako pelikula mutua, Urrezko Globoetan faboritoa sei izendapenekin.
'Mission: Impossible-Ghost Protocol' Tom Cruise aktore ezagunaren laugarren abentura, eta 'The Artist' zuri-beltzean filmatutako pelikula mutua dira aste honetako estreinaldi nagusiak zinema-aretoetan.
Akzioz gainezka egiten duen Cruisen saga ezaguna berriz ere pantaila handian da, laugarren atalarekin. Aurrez aurre, pelikula berezi bat izango du: 'The Artist'. Film frantziarra da, mutua, eta zuri-beltzean filmatua. Cannesen eta Donostiako zinemaldietan saritu zuten, eta iragarri berri dituzten Urrezko Globoetan faborito dugu, sei izendapenekin. 'Maktub' lan espainiarra ere estreinaldien artean dugu, Aitana Sánchez-Gijón, Goya Toledo eta Amparo Baró aktore ezagunekin.
Kremlinen aurkako erasoa egin izana leporatu diote Ethan Hunt (Tom Cruise) agenteari, eta bere izen ona berreskuratu beharko du Huntek 'Mission: Impossible-Ghost Protocol' azken lan honetan. Brad Bird ('Ratatouille', 'The Incredibles') zinemagileak zuzendu du lana oraingoan.
Urteko filmetako bat izateko bidean da 'The Artist' pelikula. Canneseko eta Donostiako Zinemaldiko sarien ondoren, sei izendapen lortu berri ditu Urrezko Globoetan: komedia edo musikal onena, gizonezko aktore onena (Jean Dujardin), emakumezko aktore onena (Bérénice Bejo), zuzendari eta gidoi onena (Michel Hazanavicius) eta soinu banda onena (Ludovic Bource). 30eko hamarkada bukaeran, azkenetan dagoen zinema mutuko aktore baten istorioa dakar. Bere ibilbidearen bukaera gero eta gertuago duela, Peppy Miller izarraren arrakasta gorantz egiten ikusiko du.
'Maktub' lanak, berriz, Manoloren istorioa dakarkigu. Lanean larri dago, bere emaztearekin ere gauzak ez doaz ondo, eta seme-alabekin ez du harreman onik. Bere bizitzak goitik beherako aldaketa jasango du Antonio gazte kanariarra ezagutzean. Minbizia duen arren, Antonioren bizi pozak Manoloren etorkizuna aldatuko du. Diego Peretti ('Tiempo de valientes') argentinarra da protagonista nagusia, eta Paco Arango zinemagileak zuzendu du lana. Aitana Sanchéz-Gijón, Goya Toledo, Andoni Hernandez San Jose, Amparo Baró eta Jorge Garcia aktoreak ere taldean dira.