Itxi

Zinema

Sariak

'The Artist' eta 'The Descendants' filmak, garaile Urrezko Globoetan

Meryl Streepek bere zortzigarren Urrezko Globoa eskuratu du 'The Iron Lady' lanagatik eta Madonnak abesti onenari saria jaso du 'W.E' pelikulako 'Masterpiece' abestiarengatik.

01:44
'The artist', Urrezko Globoetako irabazle nagusiena

"The Artist" film mutuak eta "The Descendants" drama intimoak eskuratu dute Urrezko Globo gehien 69. edizioan. Hiru eta bi sari jaso dituzte, hurrenez hurren. Hiru ordu iraun ditu galak eta ez da irtenaldirik izan aurkezlearen eskutik.

"The Artist" pelikulak komedia edo musikal onenari, aktore onenari (Jean Dujardin) eta soinu banda onenari (Ludovic Bource) sariak eskuratu ditu eta "The Descendants" filmak drama onenari eta gizonezko drama aktore onenari (George Clooney) jaso ditu.

Sail nagusietan, Meryl Streepen zortzigarren Urrezko Globoa da aipagarriena, emakumezko drama aktore onenari "The Iron Lady" lanagatik. Michel Williamsek lehena jaso du "My Week With Marilyn" filmean egindako paperagatik, komediazko edo musikal bateko emakumezko aktore onena bezala.

Interpretazio onenari sariei dagokionean, Christopher Plummer beteranoa "Beginners" lanagatik eta Octavia Spencer "The Help" lanagatik, 1960eko hamarkadan Estatu Batuetan izandako arraza-bereizketari buruzko drama.

Zuzendari onenari saria Martin Scorsesek jaso du "Hugo" lanagatik, 3Dtan egin duen lehen pelikula, hain zuzen ere. New Yorkeko zinemagileak eskuratzen duen hirugarren Urrezko Globoa da, "The Departed" (2006) eta "Gangs of New York" (2002) lanekin jasotakoaren ostean.

Bestalde, Steven Spielbergen "The Adventures of Tintin" animaziozko pelikulak onenari saria jaso zuen eta Woody Allenen "Midnight in Paris"ek, bere aldetik, jatorrizko gidoi onenari saria eskuratu zuen.

Bere aldetik, Madonna abeslariak protagonismo handia izan zuen galan. Abesti onenari saria eskuratu du "W.E" filmeko "Masterpiece" abestiarekin eta aurkezle moduan ere izan da: atzerriko film onenari saria eman du. "A separation" iraniarrarentzat izan da, Pedro Almodovarren "La piel que habito" espainiarraren aurretik.

Azkenik, Morgan Freemanek Cecil B. DeMille ohorezko saria jaso zuen bere ibilbide profesionalagatik. Sidney Poitierrek eman zion saria.