Itxi

Zinema

Zinemaldia

'Zuzendari Berriak' sail independentea izango da Zinemaldian

Orain arte Zabaltegin zegoen lehia, baina "mundu zabaleko zinemagileen lehen eta bigarren filmak aurkezteko plataforma ezin hobea" izaten jarraituko du antolatzaileen arabera.

Zinemaldian orain arte Zabaltegin zegoen 'Zuzendari berriak' saila independientea izango da hurrengo 60. edizioan. Donostiako zinemaldiko antolatzaileek jakinarazi dutenez, sail honetan dauden pelikulek bakarrik hartuko dute parte Kutxa-Zuzendari Berriak saria eskuratzeko lehian. Filmaren egileak eta banatzaileak 90.000 euroko diru-saria jasoko du.

Zuzendari Berriak atala sortu zenetik, urtero etorkizun handiko hogei zinemagile inguruk hartu dute parte lehiaketan lehen lanekin. Horietako asko nazioartean sona handia lortu duten zuzendari bilakatu dira urteen poderioz; horren erakusle ezin hobe dira, besteak beste, Olivier Assayas, Agustín Villaronga, Ixabel Coixet, Juanma Bajo Ulloa, Tsai Min-liang, Danny Boyle, David O. Russell, Agustín Díaz Yanes, Hans Petter Moland, Nicolas Winding Refn, Juan José Campanella, Simon Staho, Laurent Cantet, Bong Joon-ho, Achero Mañas, Tom McCarthy, Lee Daniels, Javier Rebollo, Hana Makhmalbaf edota Judith Cole bera.

Zuzendari Berriak sailari garrantzi eta ikusgarritasun handiagoa emango dion erabaki honekin, Donostia Zinemaldiak argi eta garbi erakusten du nazioarteko zinemagile gazteen alde egindako apustua. Helburua bikoitza da: zuzendari gazteon lanei garrantzi are handiagoa ematea, bai eta Espainian banatzen laguntzea ere.