Itxi

Zinema

Donostia

Zinemaldiaren historiako 40 film, Tabakaleran ikusgai 2022an

N. V. | EITB Media

Nosferaturen baitako "Zinemaldia 70" zikloa urtarrilaren 5ean abiatuko du Jacques "Beckerren Casque d'Or" (1952) filmak. Gainera, Zinemaldia + Plus eta "Zinema eta Zientzia" zikloak ere egongo dira urtean zehar.

  • 1964ko Zinemaldiko gala bat

    1964ko Zinemaldiko gala bat

Tabakalerak 2022ko zinema denboraldi berria aurkeztu du, eta urtarrilaren 5ean bertan Nosferatu ziklo berria hasiko da, oraingo honetan Donostia Zinemaldiaren 70. urteurrenari (1953-2022) eskainia.

Jacques Beckerren Casque d'Or (1952) filmak emango dio hasiera zikloari, Donostiako Zinemaren Nazioarteko 1. Astean proiektatu zena, 1953. urtean.

Haren ondoren, 2022ko urtarrila eta abendua bitartean, Zinemaldiaren historiako 40 film eskainiko dituzte, gehienbat Sail Ofizialean eta zinemagile hasiberriei eskainitako sailetatik aukeratuak. Tartean, zuzendari hauen pelikulak izango dira, besteak beste: Douglas Sirk, Jean Cocteau, Howard Hawks, Volker Schlöndorff, Margarethe von Trotta, Ingmar Bergman eta Josefina Molina.

Halaber, 2022ko urtarrila eta martxoa bitartean, Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek eta Donostia Zinemaldiak antolatutako Zinema eta Zientzia zikloaren bosgarren edizioa izango da. Apirila eta ekaina bitartean, Lumière Saioak zinemaren klasiko batzuk berrikusteko aukera  emango du

Urtea amaitzeko, programazioaren azken hiruhilekoan euskal zinegileak izango dira protagonista. Horrela, Euskal Emakume Zinegileak II zikloak beren ibilbidean gutxienez film luze bat filmatu duten euskal zinegileen talentua erakutsiko du.

Gainera, 2022ko zikloek zine garaikidearen bi izen izango ditu protagonista: Christian Petzold zinegile alemaniarra eta Claire Simon frantses zuzendaria.