Itxi

Zinema

36. Goya Sariak

Maria Cerezuelak eta Urko Olazabalek Goya sariak eskuratu dituzte 'Maixabel' pelikulan egindako lanagatik

Manu Gimenez | EITB Media

'Maixabel' filmaren arrakasta Blanca Portillok eskuratu duen emakumezko aktore onenaren sariarekin borobildu da. Kiko de la Rica bilbotarra eta Jorge Guerricaechevarria ere saritu dituzte.

0:39
MARIA CEREZUELA

Maria Cerezuela aktore gasteiztarrak eta Urko Olazabal aktore bilbotarrak Goya saria eskuratu dute Valentzian ospatu den ekitaldian. 'Maixabel' filmean Maixabel Lasaren alabaren paperean egindako lanagatik eman diote Cerezuelari emakumezko aktore berri onenaren saria, eta film horretan ETAko kide baten paperean egindako interpretazioagatik jaso du Olazabalek bigarren mailako gizonezko aktore onenarena.

Kike de la Rica bilbotarrak, berriz, argazki zuzendari onenaren Goya lortu du 'Mediterraneo' filmean egindako lanagatik, eta Jorge Guerricaechevarriak, egokitutako gidoi onenarena.

Cerezuelak pelikularen protagonista nagusiaren inspirazio den Maixabel Lasarentzat izan ditu lehenengo esker oneko hitzak, hau da, ETAk hildako Juan Mari Jaureguiren alargunarentzat. "Aingeru bat zara eta asko zor dizugu mundu guztiak", adierazi du.

Aktoreak Adam Nourou iazko gizonezko aktore berri onenaren saridunaren eskutik jaso du saria.

María Cerezuela: 'Maria Jauregi da nire familiaren ondoren bizitzaren inguruko irakatsi handiena eman didana'

Cerezuelak esan du Iciar Bollainek zuzendutako pelikula "oso beharrezkoa" dela, eta eskerrak eman dizkie ekoizleei, senide eta lagunei, lankideei eta zuzendariari, "bizitza aldatzeagatik".

Era berean, miresmena helarazi die beste hautagaiei, Almudena Amor, Angela Cervantes eta Nicolle Garcia aktoreei: "Emakume izugarriak zarete, oso lan ausartak egin dituztue; asko miresten zaituztet".

Olazabalek, bere aldetik, esan du Maixabel Lasa, pelikularen inspirazio iturria, "pertsonen eboluzioa" dela.

"Maixabelek bere bizitzan egiten duena aparta da, eta pelikula bat egin da nor garen eta bizitza bera hobeto ulertzeko", gaineratu du.

Urko Olazabal: "Bizitza osoko lanari dagokion saria da izendapena niretzat"

Urko Olazabal, Goya sariarekin. Argazkia: Efe

Urko Olazabal, Goya sariarekin. Argazkia: Efe

Aktore eta irakasleak esker hitzak izan ditu Iciar Bollain zuzendariarentzat, talde tekniko eta artistiko guztiarentzat, kuadrillarentzat eta bere ikasle guztientzat.

Baina, batez ere, amari eskaini dio saria, "nahikoa bihurria" izan delako orain arte, eta berak "ametsa" betetzen lagundu diolako. "Eskerrik asko guztioi pribilegio honengatik; hona iristea ez da erraza, eta iritsi gara. Pozik gaude", esan du.

'Maixabel' filmaren arrakasta borobiltzeko, Blanca Portillok emakumezko aktore onenaren Goya lortu du Maixabel Lasaren paperean egindako lanagatik. Portillok maitasun mugagabea agertu die Iciar Bollain zuzendariari, duela bi urte hil zitzaion amari, eta Maixabel Lasari, enpatiaren monumentua izateagatik eta "mundu hau hobetzeagatik". Azkenik, Juan Mari Jauregui eta "modu injustuan" hildako guztiak izan ditu gogoan.

Blanca Portillo, emakumezko aktore onenaren Goya jaso duenean. Argazkia: Efe

Blanca Portillo, emakumezko aktore onenaren Goya jaso duenean. Argazkia: Efe

Alberto Iglesias musikagile donostiarra, berriz, saririk gabe geratu da. Jatorrizko musika onenaren sarirako hautagai izendatu zuten, eta esku-hutsik itzuliko da Euskal Herrira. Hala ere, Oscarretan izango du beste aukera bat, martxoan.

EITBren parte-hartzea duen 'Zutik' animazio pelikulak ere ez du Goya lortu.

Bestalde, 'Mamá'k, Bilboko gobernuz kanpoko erakunde batek Kongon egiten duen lana kontatzen duen zintak, film labur dokumental onenaren saria eskuratu du. Gainera, egileek David Beriain eta Roberto Fraile Burkina Fason hil zituzten euskal kazetariei eskaini diete saria.

Gainera, 'Quién lo impide' izan da dokumental onena, eta egileetako batek aipatu du Rafael Berrio (dokumentaleko musikaren egileetako bat) duela bi urte hil zen musikari donostiarrari zor diotela proiektuan murgildu izana.

Ezin aipatu gabe utzi sariketako beste protagonistak nortzuk izan diren. Javier Bardemek aktore onenaren Goya lortu du 'El buen patron'en egindako lanagatik,  Fernando Leon de Aranoak zuzendari onenarena eraman du film beragatik, eta, hain zuzen ere, pelikula horrek jaso du film onenaren Goya saria. Cate Blanchett aktoreak eskuratu du aurten lehenengo aldiz eman den nazioarteko Goya, eta Jose Sacristanek ohorezko Goya saria jaso du.

'El buen patron' zen faborito lehengo aldiz Valentziako Les Arts Jauregian egin den galaren aurretik, eta aurreikuspenak bete ditu sei sari eskuratuta (20 hautagaitza zituen).

EITBren parte-hartzea duen 'Maixabel' hirurekin geratu da, 'Mediterraneo' bezalaxe, eta 'Las leyes de la frontera' lanak lau Goya pilatu ditu teknika alorrean lortutako arrakastagatik.