Itxi

Zinema

Otsailaren 21etik 26ra

"Maixabel", "Nora" eta "Ilargi guztiak" filmak izango dira Euskal Zinemaren Asteko protagonista nagusiak

O. A. | EITB MEDIA

Proiekzioak Dendarabako lehen solairuan egingo dira, otsailaren 21etik 26ra, 19:30ean hasita. Abonuak eta sarrerak dagoeneko salgai daude Vital Fundazioaren webgunean eta Sokaren Etxean.

  • Euskal Zinemaren Astearen 38. edizioaren kartela

    Euskal Zinemaren Astearen 38. edizioaren kartela

Gasteizko Euskal Zinemaren Astearen 38. edizioak 2021eko euskal pelikula azpimarragarrienetako batzuk erakutsiko ditu, hala nola Maixabel, Nora eta Ilargi guztiak. Guztira, sei film luze eta bost film labur eskainiko dituzte otsailaren 21etik 26ra, Gasteizko Dendaraba merkataritza-gunearen lehen solairuan. Emanaldi guztiak 19:30ean hasiko dira eta horien amaieran protagonistekin solasaldiak egingo dira.

Inaugurazio galan, otsailaren 21ean (astelehena), Maider Oleagaren Kinka film laburra eta Lara Izagirreren Nora filma izango dira protagonistak.

Asteartean (hilak 22), Xabi Vitoriaren El carné film laburra izango da ikusgai. Ondoren eguneko pelikula erakutsiko da, Iker Elorrietaren El radioaficionado.

Asteazkenean (hilak 23), Oculto film laburra eta Erase una vez Manu Gomezen lehen lan luzea ikusi ahalko dira.

Osteguneko saioan (otsailak 24) Mel Arranzen Azaletik azalera eta Igor Legarretaren Ilargi guztiak emango dituzte.

Ostiralean, otsailak 25, Maixabel proiektatuko dute, Iciar Bollainen azken lana. Asteburuan egin diren Goya sarietan hiru sari eskuratu ditu. Egun horretan, David Perez Sañudoren La colcha y la madre ere jarriko dute.

Larunbatean, Ana Murugarren García y García filmak, itxiera galak eta sari banaketak emango diote amaiera Euskal Zinemaren Asteari.

Abonuak eta sarrerak dagoeneko salgai daude Vital Fundazioaren webgunean eta Sokaren Etxean. Abonuak 15 euroko prezioa du, eta saio bakoitzerako sarrerek 4 eurokoa.