Itxi

Zinema

Euskal zinema

'Cinco lobitos' zortzi sarirekin itzuli da Malagatik, tartean film onenaren saria

O.P. | Eitb Media

Alauda Ruiz de Azuak zuzenduriko filmak film espainiar onenearen Urrezko Biznaga saria jaso du; emakumezko aktore onenaren 'ex aequo' saria ere jaso dute Laia Costak eta Susi Sanchezek, eta gidoi onenaren saria ere eskuratu du Ruiz de Azuak berak. Filmak EITBren partaidetza izan du.

  • Ruiz de Azua, erdian, aktore taldearekin Malagan. EFE

    Ruiz de Azua, erdian, aktore taldearekin Malagan. EFE

Alauda Ruiz de Azua euskaldunak zuzendutako Cinco lobitos film luzeak arrakasta izan du Malagako Zine Jaialdian, eta Espainiako film onenaren Urrezko Biznaga eskuratu du. Gainera, emakumezko aktore onenaren 'ex aequo' saria ere jaso dute Laia Costak eta Susi Sanchezek, eta gidoi onenaren saria ere eskuratu du Ruiz de Azuak berak.

Filmak, gainera, beste bost sari ere lortu ditu: 'Flixolé' Publikoaren Zilarrezko Biznaga saria (aretora bertaratutako ikusleen eta Film Luzeen Sail Ofizialeko Epaimahai Popularraren artean % 50ean erabakitzen dena); sail Ofizialeko Film Luze Onenarentzako Malagako Unibertsitateko Epaimahai Gaztearen Saria; Sail Ofizialeko Opera Prima ASECAN saria (Andaluziako Idazleen Elkarteko kideek aukeratua); Sail Ofizialeko Film Luze Onenarentzako Feroz Puerta Oscura saria 2022, Zinematografia Informatzaileen Elkarteko kideek, eta Signis saria, Hedabideetarako Munduko Erakunde Katolikoko kideek aukeratua.

Madril eta Bizkaia artean 2021eko uztailean filmatu zen Cinco lobitos, EITBren partaidetzarekin. Laia Costa (Victoria, No me quites) da protagonista, ama izan berri den eta nola izan oso ondo ez dakien Amaiaren paperean. Susi Sanchez Goya sariaren irabazlea (La enfermedad de domingo, La piel que habito, Dolor y gloria, El inocente) Begoña da, Amaiaren ama, eta Ramon Barea (La Boda de Rosa, Todos lo saben, Fe de etarras) Koldo da, bere aita. Mikel Bustamante (La Casa de Papel y Maixabel) Javi da, Amaiaren bikotekidea.

Lan kontuengatik aste batzuk kanpoan eman behar ditu Javik eta Amaiak gurasoen etxera joatea erabakitzen du, euskal kostaldeko herri batera, eta egun batzuetan haurra zaintzeko ardura partekatzen du haiekin. "Amaiak ez dakiena da, nahiz eta orain ama izan den, ez diola alaba izateari utzi", adierazi zuen zuzendariak filmaketaren hasieran.

Berlinalean estreinatu zen filma, pasa den otsailean. 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Zinema
  • Kultura