Itxi

Zinema

Sariak

Hanekek bigarrenez eskuratu du Urrezko Palma, 'Amour' lanarekin

Austriar zuzendariak 2009an ere eskuratu zuen Urrezko Palma, 'Zinta zuria' filmagatik. Bestalde, Carlos Reygadas mexikarra izendatu dute zuzendari onena.

01:26
Michael Hanekeren 'Amour' filmak irabazi du Urrezko Palma

Michael Haneke zuzendari austriarrak Urrezko Palma eskuratu du Canneseko zinemaldian, "Amour" lanagatik. Zinema munduaren ezinbesteko zita honetako sari handia eskuratzen duen bigarren aldia da. Bestalde, zuzendari onena Carlos Reygadas mexikarra izendatu dute.

Jean-Louis Trintignant eta Emmanuelle Riva dira protagonistak bizitzaren azkenaldian dagoen bikote baten amodio istorio dramatikoan. Nanni Moretti zuzendari italiarraren, epaimahaiko presidentearen ustez, "sentsibilitate guztiak ordezkatu" nahi izan ditu epaimahaiak.

Urrezko Palma bi aldiz lortu dutenen talde esklusiboan sartzea lortu du Michael Hanekek. Aurretik, Alf Sjöberg, Francis Ford Coppola, Bille August, Emir Kusturica, Shohei Imamura eta Luc eta Jean-Pierre Dardenne anaiak zeuden klub horretan.

Maiatzaren 20an estreinatu zuten Cannesen, eta, ordutik, kiniela guztietan egon da drama gogor hori irabazteko faborito. Adrien Brody eta Audrey Tautou aktoreek eman diote bigarren sari hori Hanekeri; esan bezala, 2009an, 'Zinta zuria' lanagatik jaso zuen Urrezko Palma.

Canneseko Sari Handia italiar zinemagile batentzat izan da aurten, Matteo Garronerentzat. Reality lana saritu dute, telebistako telerrealitate saioei egindako iseka elegantea. Gomorra filmean egindakoarekin erkatuta, estilo aldaketa nabaria suposatzen du. 2008an sari bera eskuratu zuen, film horri esker.

Zuzendari onenaren saria Carlos Reygadas mexikarrak eskuratu du, 'Post Tenebras Lux' lanagatik. Nekazaritza giroko familia baten istorioa da: adin ezberdinetako anai-arreben arteko erlazioa, bikotearen bizitza sexuala eta maila altuko jendearen inguruan bizi diren pobreak ditu hizpide. Aurten Cannesen mexikar bati emandako bigarren saria izan da, larunbatean Michel Franco izendatu baitzuten Un Certain Regard sariaren irabazle, "Después de Lucia" pelikularengatik.

"The Angel's share" Ken Loach britainiarraren lanak eskuratu zuen jaialdiaren 65. edizioko epaimahaiaren saria, aurkezpenean barreak eta txaloak sortu eta gero. Interpretazio onenaren sariak, azken egunetako iragarpen guztien aurka -"Amour" laneko aktoreak zeuden kiniela horietan-, Mads Mikkelsenek ("Jagten") eta Cristina Fluturrek eta Cosmina Stratanek ("Dupa Dealuri") jaso dituzte.