Itxi

Zinema

Jaialdiak

Estibaliz Urresolak Berlinaleko Sail Ofizialean estreinatuko du "20.000 especies de abejas"

Natxo Velez - Kristina Zorita | EITB Media

Laudioar zinemagilea Alemaniako zinemaldi handian lehiatuko da bere lehen film luzearekin. "Ametsa gutxinaka lurrera ekartzen" ari da Urresola, ezusteko hautaketaren ondoren.  

  • "20 000 especies de abejas"

    "20 000 especies de abejas"

Estibaliz Urresola zinemagileak (Bilbo, 1984) ametsezko agertoki batean estreinatuko du "20.000 especias de abejas" bere lehen film luzea, EITBren parte hartzea duena: Berlinaleko Sail Ofizialean.

Joan den urtean "Cuerdas" film labur sozial saritua Canneseko zinemaldiaren Kritikaren Astean estreinatu eta gero, Estibaliz Urresolaren lehen film luzea Urrezko eta Zilarrezko Hartz preziatuak bereganatzeko bidean izango da Alemaniako hiriburuan, otsailaren 16an hasi eta hilaren 26an bukatuko den topagunean.

"Aniztasunaren aldeko aldarrikapen apal eta xumea da 20.000 especies de abejas", Urresolak EITB Mediari esan dionez. Uda batean jartzen du fokua pelikulak, eta "familia oso baten transformazioaren istorioa da. Familiako kide bat bere burua sentitzen duen moduan adierazten hasten denean, horrek familiako kide guztiengan zer eragin dituen eta pertsona horiek guztiak prozesu horri esker zein punturaino eraldatzen diren erakusten du". 

"Egindako pelikularekin pozik" dago Urresola, "lanarekin harro, pelikula baliagarria izan daitekeelako": "Pelikula hau egiten pasatu ditudan bost urteetarako ospakizunik onena" izango da Berlinaleko estreina, haren esanetan.

Aktore taldean gaude Sofía Otero, zineman egindako lehen lanean, Patricia Lopez Arnaiz, Ane Gabarain, Itziar Lazkano, Martxelo Rubio, Sara Cozar, Miguel Garces, Unax Hayden eta Andere Garabieta.

Urresolaren aurretik, 1984an, Pedro Oleak "Akelarre" filma estreinatu zuen Berlinaleko Sail Ofizialean bertan, eta 1997an Montxo Armendariz lehiatu zen jaialdi horretako sail nagusian "Bihotzondoko sekretuak" filmarekin. 2017an, Alex de la Iglesiak "El bar" filma estreinatu zuen sail horretan bertan, baina lehiatik kanpo.