Itxi

Zinema

Sari-banaketa

Alauda Ruiz de Azuaren 'Cinco lobitos' eta Borja Cobeagaren 'No me gusta conducir', garaile Feroz Sarietan

Agentziak | EITB MEDIA

Zuzendari bizkaitarraren lehenengo lan luzea izan da arrakastatsuena, Rodrigo Sorogoyenen 'As bastas'ekin batera. Bestalde, Ohorezko Feroz Saria eman diote Pedro Almodovarri.

01:39
Borja Cobeaga, saria jasotzen.

'Euskal ukitua' izan du Feroz sarien 10. edizioak, Zaragozan bart egindako ekitaldian. Alauda Ruiz de Azua zuzendari bizkaitarraren lehen lan luzea, 'Cinco lobitos', eta Rodrigo Sorogoyenen 'As Bestas' izan dira sari gehien jaso dituztenak, hiruna. Azken horretan, Ibon Cormenzana bizkaitarra ekoizpen lanetan aritu da.

'Cinco Lobitos'en kasuan, gidoi onenaren, emakumezko aktore protagonista onenaren eta bigarren mailako emakumezko aktore onenaren sariak eskuratu ditu.

Telesailen kasuan, 'La Ruta' eta 'No me gusta conducir' izan dira oparoenak hiruna sarirekin. Borja Cobeaga da azken horren gidoilaria eta zuzendaria.

Edizio honen puntu nagusietako bat emakumezkoen presentzia nabarmena izan da, eta bestea, Pedro Almodovarrek bere ibilbide profesionalagatik jasotako Ohorezko Feroz Saria. Julieta Serrano, Rossy de Palma, Aitana Sanchez-Gijon, Bibiana Fernandez, Leonor Watling eta Milena Smit igo dira eszenatokira zuzendari espainiarraren lanaren errepasoa egitera. Saria jasotzean emandak hitzaldian, "osasun publikoa eta kalitatezkoa" aldarrikatu zituen Almodovarrek.

Sariak

Komedia pelikula onena: 'Competencia oficial', Mariano Cohn eta Gaston Duprat zuzendari argentinarrena, Antonio Banderasen, Penelope Cruzen eta Oscar Martinezen partehartzearekin.

Drama pelikula onena: 'As Bestas', Rodrigo Sorogoyen zuzendariarena eta landa eremuko gatazka bat kontatzen duena.

Zuzendari onena: Carla Simon, 'Alcarras'en egindako lanagatik.

Gidoi onena: Alauda Ruiz de Azua, 'Cinco lobitos'engatik.

Gizonezko aktore protagonista onena: Nacho Sanchez ('Manticora').

Emakumezko aktore protagonista onena: Laia Costa ('Cinco lobitos').

Laia Costa ('Cinco lobitos'). Argazkia: EFE

Emakumezko aktore protagonista onena: Laia Costa ('Cinco lobitos').

Emakumezko aktore protagonista onena: Laia Costa ('Cinco lobitos').

Gizonezko bigarren mailako aktore onena: Luis Zahera ('As bestas').

Emakumezko bigarren mailako aktore onena: Susi Sanchez ('Cinco lobitos').

Jatorrizko soinu banda onena: Oliver Arson ('As bestas').

Kartel onena: Carlos Vermut ('Manticora').

Trailer onena: Marta Longas ('Cerdita').

Ferroz Arrebato Saria Ez Fikzioan (zine independentea eta dokumentalak): Irene M. Borregoren 'La visita y un jardín secreto'.

Ferroz Arrebato Saria Fikzioan: Eduardo Casanovaren 'La piedad'.

Telesailak

Telesailen kasuan, drama onenaren saria Borja Solerren 'La ruta'k eraman du. Montse Garciak, Eduardo Villanuevak eta Nacho Lavillak ekoiztua, 'bakalau' mugimenduaren inguruko aurreiritziak hausten saiatzen da.

Umorearen atalean, Borja Cobeagaren 'No me gusta conducir' izan da onena. Gidabaimena eskuratzeko esperientzia jorratzen du telesailak.

Borja Cobeaga eta lantaldea, sariekin. Argazkia: EFE

Borja Cobeaga eta lantaldea, sariekin. Argazkia: EFE

Juan Diego Bottok lortu du gizonezko aktore onenaren saria 'No me gusta conducir'en egindako lanagatik, eta emakumezko onenarena Claudia Salasentzat izan da ('La ruta').

Bestalde, bigarren mailako gizonezko aktore onena David Lorente ('No me gusta conducir') eta emakumezkoa Patricia Lopez Arnaiz ('Intimidad') izan direla ebatzi du epaimahaiak.