Itxi

Zinema

Jaialdiak

Estibaliz Urresola eta Felix Viscarret, Malagako zinema jaialdiaren Sail Ofizialean

N. V. | EITB Media

'20.000 especies de abejas' eta 'Una vida no tan simple' Urrezko Biznaga lortzeko lehian izango dira martxoaren 10etik 19ra, Andaluziako jaialdiaren 26. edizioan.

  • Miki Esparbe da "Una vida no tan simple" Felix Viscarreten filmaren protagonista

    Miki Esparbe da "Una vida no tan simple" Felix Viscarreten filmaren protagonista

Estibaliz Urresola eta Felix Viscarret zuzendariek Malagako zinema jaialdiko Sail Ofizialean aurkeztuko dituzte beren pelikula berriak, "20.000 especies de abejas" eta "Una vida no tan simple", EITBren parte-hartzea duten bi lan.

Estibaliz Urresola Solagurenek Berlinale jaialdiko atal nagusian ere proiektatuko du berak idatzi eta zuzendu duen lehen film luzea, Malagan lehiatu baino lehen.

Dibertsitateari buruzko istorioa da "20.000 especies de abejas", Lara Izagirre Garizurietak eta Valerie Delapierrek ekoitzi dute, eta hauek ditu aktore zerrendan: Patricia Lopez Arnaiz, Ane Gabarain, Itziar Lazkano, Sofia Otero, Sara Cozar, Martxelo Rubio, Unax Hayden, Andere Garabieta eta Miguel Garces.

Filmean, Coco zortzi urteko umeak ikusiko du ez dituela besteen aurreikuspenak betetzen, zergatik ez dakiela. Inguruko guztiek Aitor izenez deitzen diote, baina bera ez dago eroso izen horrekin. Amama erlezainaren etxera joango da oporraldi batean, amak eta neba-arrebek lagunduta, eta uda horrek goitik behera aldatuko ditu guztion bizitzak: hiru belaunalditako emakumeek bere zalantza eta beldurrei aurre egin beharko diete.

Felix Viscarret, bestalde, 2007an "Bajo las estrellas" lanarekin Urrezko Biznaga irabazi zuen jaialdiko Sail Ofizialera itzuiko da, "Un vida no tan simple" pelikularekin.  

Belaunaldi oso baten krisia eta gainbehera profesionala bizitzen ari diren pertsonaiei buruzko komediaren protagonistak dira Miki Esparbe, Alex García, Olaya Caldera, Ana Polvorosa, Julian Villagran eta Ramon Barea.

Isaias (40) etorkizun handiko arkitektoa da. Arkitektura estudioan eta seme-alabak jolastera eramaten dituen parkean joaten zaizkio egunak. Hala ere, sentitzen du bere tokia ez dela hori. Ainhoa emaztearekin batera, urteen zama eta umeen zaintza oso astunak direla igartzen hasiko da, eta Isaiasek adiskidetasun harremana abiatuko du Sonia umeen ikaskide baten amarekin, umeak haztea eta helduaroan sartzea horren erraza ez dela irakatsiko diona.

Sail Ofizialean lehian egongo dira, halaber, Matias Bize txiletarra "El castigo" filmarekin, Marina Seresesky argentinarra "Empieza el baile"rekin eta Gerardo Herrero madrildarra "Bajo terapia" komedia koralarekin, Alcaravan Films ekoiztetxearen eskutik Iruñean filmatutako pelikularekin.