Itxi

Zinema

Jaialdia

Euskal zinema Cannesen, lehiatik kanpo

N. V. | EITB Media

Gaur hasiko da Frantziako kostaldeko hiri horretako zinema jaialdia. Victor Ericek astelehenean erakutsiko du "Cerrar los ojos", eta "Robot dreams" Pablo Berger bilbotarraren animaziozko filma larunbatean proiektatuko dute.

  • Dena dago prest Cannese, jaiadia abiatzeko. Argazkia: Efe.

    Dena dago prest Cannese, jaiadia abiatzeko. Argazkia: Efe.

Canneseko zinema jaialdia gaur hasi, eta hilaren 27ra arte egingo dute, Frantziako kostaldeko hiri horretan. "Jeanne du Barry" Maiwennek zuzendu eta Johnny Depp protagonista duen filmak irekiko du jaialdia, lehiatik kanpo.

Lehiatik kanpo ikusi ahalko dira, halaber, "Cerrar los ojos" Victor Ericeren film berria eta "Robot dreams" Pablo Berger zuzendari bilbotarraren animaziozko filma.

Halaber, Irati Gorostidik jaialdiaren sail paralelo batean ('Canneseko Kritikaren Astea') parte hartuko du, iaz Estibaliz Urresolak "Cuerdas" film laburrarekin egin zuen bezala, "Contadores" laburrarekin.

Bestalde, Sitgeseko zinemaldiak "La ermita" Carlota Peredak zuzendu eta Bixagu Entertainmentek ekoitzi duen filma aukeratu du 'Fantastic 7' 'Marché du Film' industriako ordezkarientzako atalean parte hartzeko. Alex de la Iglesia bilbotarra hautatu dute edizio honetako aitabitxi izateko.

Zinebi jaialdiak film luze dokumentaleko lau proiektu aurkeztuko ditu 'Cannes Docs' atalean: "Itoiz_Udako Sesioak" Larraitz Zuazo zuzendariaren eta Doxa Producciones ekoiztetxearen filma, besteak beste.

Euskal animazioa ere izango da bertan, bi parte-hartzailerekin: Pablo Rioren "Conej Steps Out" eta Laura Ibañez Lopezen "Corpúsculos".

Gainera, 'Revelations. New Spanish Animation Short Films' atalean, Martin Romeroren "To Bird Or Not to Bird" proiektua hautatu dute, Bilboko Uniko enpresaren hurrengo ekoizpenetako bat.

Cannes

Inaugurazio galan, Michael Douglas aktoreak ohorezko Urrezko Palma jasoko du, "ibilbide dirdiratsuagatik eta zinemarekin erakutsi duen konpromisoagatik".

Gero, hamabi egunez, ikusgai izango dira, besteak beste, Martin Scorseseren film berria, Indiana Jonesen bosgarren filma, Pedro Almodovarrek Ethan Hawke eta Pedro Pascal aktoreekin egin duen film laburra eta "Asteroid City" Wes Andersonen film berria, aktore taldean Scarlett Johansson, Tom Hanks, Margot Robbie, Tilda Swinton eta Bryan Cranston dituena.

Urrezko Palmaren bila, Ruben Ostlund buru duen epaimahaia limurtzeko helburuarekin, beren film berriak erakutsiko dituzte Ken Loach, Hirokazu Kore-eda, Aki Kaurismaki, Nanni Moretti, Justine Triet, Todd Haynes, Alice Rohrwacher, Marco Bellocchio eta Wim Wenders zuzendariek, besteak beste.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Zinema
  • Kultura