Itxi

Zinemaldia

Saria

Carmen Maurak Zinemaldiko Donostia Saria jasoko du

Aktore espainiarrak 'Las Brujas de Zugarramurdi' Alex de la Iglesiaren azken pelikularen aurkezpenean jasoko du saria, Zinemaldiaren hurrengo edizioan.

1:24

Carmen Maura aktore espainiarrak Donostiako Zinemaldiko Donostia saria jasoko du. "Espainiako zinemagintzako azken hamarkadetako ibilbide profesional nabarienetako" bat omenduko du jaialdiak horrela.

Zinemaldiak Carmen Mauraren ibilbide osoa sarituko du, Sail Ofizialean eta lehiaketaz kanpo emango duten bere azken filma aurkezteko ekitaldian: Álex de la Iglesia zuzendariaren Las brujas de Zugarramurdi aurkezteko ekitaldian, hain zuzen ere.

Film honetan hirugarrenez egin du lan Carmen Maurak Álex de la Iglesiarekin. Aurretik, La Comunidad, zeinarekin Zilarrezko Maskorra irabazi baitzuen Donostia Zinemaldian, eta 800 balas egin zituzten elkarrekin. Filmean agertzen dira, halaber, honako aktore hauek ere: Hugo Silva, Mario Casas, Jaime Ordóñez, Macarena Gómez, Carolina Bang eta Terele Pávez.

Las brujas de Zugarramurdi komedia delirante eta frenetikoa da. Hiru gizonezko ditu protagonista: etsipenaren etsipenez "Compro Oro" denda horietako bat atrakatuko dute Madrilgo Puerta del Solen, eta, handik, Disneylandiarantz abiatuko dira hiruretako baten semea hartuta. Baina, Frantziako mugan, euskal sorgin batzuk agertuko zaizkie, eta, orain milaka urteko sorginkeria-ohiturei jarraiki, gizonezkoei adarra joko diete sorginok.

Sariak

Carmen Maurak errekonozimendu eta sari ugari jaso ditu bere ibilbidean zehar: lau Goya sari (Mujeres al borde de un ataque de nervios, ¡Ay Carmela!, La comunidad eta Volver), emakumezko aktore onenaren saria Canneseko zinema-jaialdian (Volver), emakumezko aktore onenaren saria Veneziako zinema-jaialdian (Mujeres al borde de un ataque de nervios), emakumezko aktore onenaren César sarietarako hautagai izan zen (Le Bonheur est dans le pré), antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren César saria (Les Femmes du 6ème étage) eta Europako Zinema Akademiaren bi sari (Mujeres al borde de un ataque de nervios eta ¡Ay, Carmela!). Halaber, Zinema Akademiaren Urrezko Domina, Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina eta Frantziako Arteen eta Letren Ohorezko Zaldunaren Domina ere jaso ditu.