Itxi

Zinemaldia

ZINEMALDIAREN AURPEGIAK

Todd Haynes, zinema independentearen erreferente bat, epaimahaiburu

Erredakzioa

Estatubatuar zuzendari, idazle eta ekoizlea du buru besteak beste Urrezko (filmik onena) eta Zilarrezko (zuzendari eta aktore onenak) Maskorrak nork merezi dituen erabakiko duen epaimahaiak.

  • Todd Haynes zuzendari, idazle eta ekoizlea. Argazkia: Zinemaldia.

    Todd Haynes zuzendari, idazle eta ekoizlea. Argazkia: Zinemaldia.

Todd Haynes Los Angelesen (Kalifornia) munduratu zen, 1961eko urtarrilaren 2an, eta sari asko ekarri dizkio bere ibilbide artistikoak. "Far From Heaven" (Zerutik urrun, 2002) Oscar sarietarako, Urrezko Globoetarako eta WGA sarietarako hautagai izendatu zuten, gidoi onenaren atalean, baita Chicagoko zinema-kritikarien elkarteko sarietarako, Europako Zinemaren sarietarako, Londreseko kritikarien zirkuluko sarietarako eta Satellite sarietarako ere, eta, gainera, Veneziako zinema-jaialdian lehiatu zen. Haynesek San Franciscoko zinema-kritikarien zirkuluko, Seattleko eta Hego-Ekialdeko zinema-kritikarien elkarteetako, Phoenixeko zinema-kritikarien sozietateko eta Online zinema-kritikarien sozietateko gidoi onenaren sariak irabazi zituen. "Far From Heaven" pelikula horretan bertan  zuzendari gisa egindako lanagatik, Independent Spirit sari bat, Golden Satellite sari bat eta New Yorkeko zinema-kritikarien zirkuluko sari bat irabazi zituen. Lan horrek, gainera, SIGNIS saria irabazi zuen Veneziako jaialdian, eta hiru GLAAD Media sari 2003an.

"Velvet Goldmine" (1998) filmarekin ekarpen artistiko onenaren saria irabazi zuen, 1998an, Canneseko jaialdian, eta Urrezko Palma lortzeko lehiatu zen. Film hori zuzentzeagatik, Channel 4 Directors Award saria irabazi zuen Haynesek Edinburgoko jaialdian, eta Independent Spirit sari baterako izendatu zuten.

Zinemagilearen lehenengo film luzeak, "Poison"ek (1991), epaimahaiaren sari nagusia irabazi zuen, dramen atalean, Sundanceko zinema-jaialdian, baita film luze onenaren Teddy Award saria ere Berlingo jaialdian, eta zuzendari onenaren eta opera prima onenaren Independent Spirit sarietarako izendatu zuten.

Bestalde, "I'm Not There" (2007) lanari esker, Independent Spirit lehiaketako Robert Altman saria eta Veneziako zinema-jaialdiko bi sari (film onenaren Cinemavenire saria eta epaimahaiaren sari berezia) irabazi zituen, eta film onenaren Gotham sarirako izendatu zuten. Halaber, zuzendari onenaren eta gidoi onenaren Independent Spirit sarietarako izendatu zuten "Safe" (1995) filmari esker; azken lan horrek, gainera, American Independent Award saria irabazi zuen Seattleko zinema-jaialdian, eta FIPRESCI saria Rotterdamgo jaialdian.

Haynesen azken lana, "Mildred Pierce" (2011), HBO katearentzat eginiko bost orduko telesail laburra da; James M. Cain idazlearen eleberrian dago oinarrituta.