Itxi

Zinemaldia

ZINEMALDIA

Europako zinema Zinemaldira heldu da

Erredakzioa

Egunotako amerikar filmen ostean, "Le Week-end" britainiarra eta "Mon âme par toi guérie" frantziarra helduko dira gaur Sail Ofizialera. Gainera, Carmen Maurak Donostia Saria jasoko du gauean.

0:20

Asteburuaren amaieran, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialak Europako zinemako bi film estreinatuko ditu: Roger Michellek, "Notting Hill" eta "Enduring Love" pelikulen zuzendariak, "Le Week-end" aurkeztuko du Gipuzkoako hiriburuan. Nick eta Meg ditu protagonista. Britainia Handiko bi irakasle Parisera bueltatuko dira, eztei-bidaia egin eta urte askora, euren arteko harremana biziberritzeko. François Dupeyron zuzendari frantziarrak, berriz, "Mon âme par toi guérie" aurkeztuko du.

Bestalde, Carmen Maurari aurtengo lehen Donostia Saria emango diote (eitb.com-ek zuzenean eskainiko du gala). Lehiaketatik kanpo helduko da horren azken pelikula, "Las Brujas de Zugarramurdi", Alex de la Iglesiak zuzendutakoa.

Beste sailetan, Horizontes Latinos sailean "Anina" emango dute eta Perlak sailean "Gloria".

Zinemira sailera, eguneko estreinaldi esperoenetako bat helduko da, "Asier ETA Biok", emanaldi guztietarako sarrerak agortu baititu. Aitor Merinok zuzendu du, eta Asier Aranguren txikitako lagunarekin duen harremanaz ari da bertan. Azken hori ETAn sartu zen.

Atzo, "Pelo Malo"

Atzo, Sail Ofizialean, "Pelo Malo" Mariana Rondon venezuelarraren filma aurkeztu zuten. Abiapuntu sinple samar batetik –ile kirruduneko ume batek ile leuna izan nahi du, eskola fitxako argazkian hala agertzeko– abiatuta, sinbolismoz beteriko filma egin du Rondonek. Ama-seme batzuen begiradan eta harremanean oinarrituta, intolerantzia eta amatasuna jorratzen ditu, alde bisuala eta, batez ere, soinua asko zainduta.