Publizitatea
Itxi

2013/09/23

20:54

Zinemaldia

ZINEMALDIA

Carmen Maurak Donostia Saria jaso du

Natxo Velez | eitb.com

Madrildar aktoreak, sari hau eskuratu duen lehen emakumezko aktore espainiarrak, emozio handia erakutsi du Alex de la Iglesia bilbotar zuzendariak garaikurra eman dionean.

11:35
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Aurreikusi baino apur bat beranduago, 22:15 aldera, Edurne Ormazabalek ikusleak agurtu, eta Donostia Sariaren aurreko irabazleak (Bette Davis, Lana Turner, Sean Penn...) erakusten zituen bideo bat aurkeztu du. Ormazabalek Carmen Maurari buruz "ibilbide ikusgarri eta sendoko emakume bikaina" dela esan eta gero, aktorearen ibilbideko une gorenak erakutsi dituzte Kursaaleko pantaila erraldoian, "Qué hace una chica como tú en un sitio como este" Burning taldearen kantua lagun. Burningen kantuarena ez ezik, Fernando Colomo zuzendariaren aginduetara Maurak gazterik, 1978an, egin zuen pelikula baten izenburua ere bada esaldi hori.

Alex de la Iglesiak, Carmen Maurari saria emateko arduradunak, aktoreak interpretatzeko orduan erakusten duen "naturaltasuna" goretsi du, alde banatan Hugo Silva eta Mario Casas zituela. Hastapenetatik izan du, gainera, ezaugarri hori Mauraren lan egiteko moduak, De la Iglesiaren aburuz, Almodovarrekin ("asko zor diogu askok") edo Saurarekin lanean hasi aurretik ere. "Carmen Maura Espainiako zinemaren ikur da: ausarta, zirraragarria eta nekaezina da, eta egoera txarren aurrean bere onena ematen du", "Zugarramurdiko sorginak" Maurak egin duen azken pelikularen zuzendariak esan duenez.

Carmen Maurak, oso hunkituta, gurasoei eta seme-alabei eskaini die "emozio oso berezia" egiten dion saria, "nik lanbide hau, ondo egiten dakidan gauza bakarra, aukeratu izanak ekarri dizkien ondorioengatik".

Donostia Saria jaso duen lehen emakumezko aktore espainiarra izateaz oso harro, Zinemaldiari eskerrak eman dizkio, haren hasieratik egon baita Gipuzkoako hiriburuko zinema jaialdiarekin hertsiki lotuta.

Publikoari "errespetu handia" zor diola esan du gero aktore handiak, eta, hain zuzen ere, "errespetu horregatik ematen dut daukadan guztia edozein paperetan". Gainera, aktore sena berezkoa duela eta lan hau egitea "erraza" zaiola aitortu du.

Carmen Maurak Espainiako zinemaren alde egin du, joan aurretik. "Maila oso altua dago, eta oso harro nago gure teknikariez, aktoreez... Beldurrezko zinema, esaterako, inork ez du guk bezain ondo egiten", erantsi du.

Azken txalo zaparrada luzearen oihartzuna guztiz isildu aurretik joan da agertokitik Carmen Maura, Almodovarren "lehen neska", Donostia Saria jaso duen lehen emakumezkoa, ibilbide luze bezain sendoko aktorea.

"Zugarramurdiko sorginak"

Saria banatu eta gero, Sail Ofizialean, lehiaketatik kanpo, aktoreak egin duen azken filma aurkezteko ordua heldu da. Terele Pavez, Carolina Bang, Carlos Areces, Hugo Silva eta Mario Casas izan ditu, besteak beste, alboan Maurak leize magiko horietan girotutako filmean.

Baina horren aurretik, ekitaldia hasi baino ordu erdi lehenago, txalaparta soinuek eman diote ongietorria "Zugarramurdiko sorginak" filmeko taldeari Kursaalera. Txalaparta soinuek eta batik bat Mario Casas eta Hugo Silva aktoreek erakarritako gaztetxoen oihuek; dezibelen norgehiagokan, garaipen argia garrasientzat. Carmen Maura, gaueko protagonista, zaleekin egon da, sinadura asko eman ditu eta argazki ugari atera du.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea:
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;