Itxi

Zinemaldia

ZINEMALDIA

Gizatasunaren bi ikuspegi gaur, Sail Ofizialeko filmetan

Natxo Velez | eitb.com

Atzo Tavernierrek eta batik bat Truebak oniritzi zabala jaso eta gero, Jonathan Teplitzky eta Fernando Eimbcke zuzendarien txanda da gaur. Giza harremanen inguruko hausnarketak dakartzate biek.

  • Zinemaldia

    Zinemaldiko alfonbra gorria

"Burdinbideko gizona" Joanathan Teplitzky zuzendari australiarraren filmak istorio erreal bizkorgarri horietako bat proposatzen du, atzo David Truebak arrakasta handiz egin zuen bezala, Colin Firth protagonista duela (lana pilatu zaio aktoreari Zinemaldi honetan, bihar Atom Egoyanen film batekin itzuliko baita Sail Ofizialera). Eric Lomax britainiar soldadua japoniar indarrek atzeman eta torturatu zuten, Bigarren Mundu Gerran, eta, urte asko geroago, erretiroa hartuta zegoela, horrenbeste min eta sufrimendu eragin zizkion japoniar soldadua bizirik zegoela eta, hortaz, azkenik adiskidetzeko aukera bat zeukatela jakin zuen.

Bestalde, Fernando Eimbckek "Club Sandwich" aurkeztuko du, Paloma amak eta Hector 15 urteko semeak duten harreman berezia erakusten duen lana. Oporretan kostaldean daudela, Hectorrek Jazmin nerabea ezagutuko du, eta, haren eskutik, amodioa eta sexua ere bai. Hector bere altzoan gordetzeko borrokatuko da ama hasieran, sinesgogor, baina mutikoa nagusitzen ari dela eta iraganari eutsi ezin diola konturatuko da.

Atzo Zinemira galan bildutakoek ikusi eta gero, gaur berriro izango da ikusgai "Amaren Eskuak", Zinemira saileko fikziozko film luze bakarra. Atzoko gala horretan, Juanba Berasategi euskal animazioaren bidegilea omendu zuten.

Halaber, haien emanaldietan prentsaren eta publikoaren aldetik erantzun ona izan duten zenbait pelikula Zinemaldian azkenekoz proiektatuko dituzte gaur. Horietako bat "Gravity" Alfonso Cuaronen filma da. Hasierako sekuentzia plano luzeak aho bete hortz utzi ditu ikusleak.

"Con la pata quebrada" Diego Galan Zinemaldiko zuzendari ohiaren dokumentalak ere agur esango dio gaur Donostiari. Espainiar zinemak 30eko hamarkadatik gaur egun arte emakumeari nola begiratu dion kontatzen da bertan.

Atzoko filmak

Atzo Sail Ofizialean eman zituzten pelikulei dagokienez, aldez aurretik Tavernierren lanak, politikarien aurkako kritikatzat aurkeztu zutela eta, truebatarren gazteenak proposatutakoak baino jakin-min handiagoa piztu bazuen ere, "Bizitzea erraza da, begiak itxiz gero" lanak eraman zituen laudorio gehienak.

Kritikariek epelegitzat hartu dute, oro har, Tavernierren pelikula: ez omen du maisu frantziarrak kritika gogorrik egin. Alabaina, Truebaren film atsegin eta ondo egina eta, batik bat, Javier Camara aktoreak horretan eginiko lana aho batez goraipatu dituzte.