Itxi

Zinemaldia

Golardoa

Juan Martin Hsu argentinarrak Zinema Eraikitzen saria jaso du

Erredakzioa

Saria amaitu gabeko proiektuei ematen zaie eta enpresa talde batek pelikularen ekoizpena eta banaketa egingo dutela bermatzen du.

  • 'La Salada' filmaren irudia.

    'La Salada' filmaren irudia.

Juan Martin Hsu zinemagile argentinarraren La Salada filmak eskuratu du Donostiako Zinemaldiaren 61. edizioko Zinema Eraikitzen saria, San Telmo museoan egin duten gala batean iragarri dutenaren arabera.

Saria amaitu gabeko proiektuei ematen zaie eta enpresa talde batek (Daniel Goldstein, Deluxe-Spain, Dolby, Laserfilm , Nephilim producciones, No Problem Sonido eta Vértigo Films) pelikularen ekoizpena eta banaketa egingo dutela bermatzen du.

La Salada Martin Hsuren lehen film luzea da eta Argentinako etorkin berrien esperientziari buruzko mosaiko bat da. Pelikula La Salada azokan gertatzen diren hiru istorioren inguruan eraikita dago: hitzartutako ezkontza baterako prestatzen ari diren aita eta alaba korear batzuk; lan bila Boliviatik iritsi berri den gazte bat, eta konpainia egingo dion neska-laguna topatu nahian dabilen Taiwango DVD saltzaile bat.

"Hona etortzea ustekabe bat izan da", esan du Martin Hsuk saria jaso duenean.

Proiektuaren ekoizleak, Ignacio Reyk, lehiaketara aurkeztu zutenean saria zertan oinarritzen zen ez zekitela esan du: "Zinema Eraikitzen ekimenak pelikulei ospea ematen dielako aurkeztu genuen proiektua".

Saria urtean bitan banatzen dute: martxoan, Frantziako Tolosan, eta, irailean, Gipuzkoako hiriburuan.