Itxi

Zinemaldia

AZKEN-AURREKO EGUNA

'Zauria' filmak Urrezko Maskorrerako lehia itxiko du Sail Ofizialean

Natxo Velez | eitb.com

Hugh Jackmanen iritsierak hein handi batean lausotuta, gaur "Zauria" Fernando Franco andaluziarraren filma helduko da Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialera.

  • La Herida

    'La Herida' filmaren irudi bat

Badago zer ikusi gaur Donostian, Hugh Jackmanez haraindi, eta Sail Ofizialak bere bideari jarraituko dio beste egun batez, Zinemaldia bukatzeko bezperan. Gaur, "Zauria" estreinatuko da, mugako nortasun nahasmendua jorratzen duen film bat. Aldarte gorabehera handiak eta giza harreman kaotikoak izaten dituzte nahasmendu hori pairatzen dutenek.

Anak 30 urte ditu eta anbulantzia-gidaria da. Lanean eraginkorra bada ere, kosta egiten zaio lanetik kanpo erlazionatzea; berak ez daki, baina psikiatrek mugako nortasun nahasmendu deitzen dioten hori dauka. Hori dela-eta, bere buruari kalte egiten dio: alkohol gehiegi edan eta bere burua jotzen du. Ana ez da gai bere irrikarik handiena lortzeko: zoriontsu izatea.

Lan hau Fernando Francok (Sevilla, 1976) zuzendari gisa egindako lehen pelikula da. Aurretik, hamabi urtean baino gehiagotan, muntatzaile jardun da han-hor-hemen, besteak beste, "Blancanieves" (Pablo Berger) eta "No tengas miedo" (Montxo Armendariz) lanetan.

Zauriak, Sail Ofizialeko protagonista atzo ere

Hain zuzen ere, zauriak edo, hobeto esan, zauriak ixteko ezintasuna hartu zuten hizpide atzo Urrezko Maskorrerako lehian estreinatu ziren bi istorioek. "Deabruaren korapiloa" lanean, orain dela 20 urte AEBetan gertatu zen istorio batean oinarrituta, Atom Egoyanek ezinegona, artegatasuna, helarazten die ikus-entzuleei, batik bat filmaren hasieran, minaren eta min hori bideratzeko moduen bere ikuspegiaren bidez. Filmean, ziurtasunak aurkitzeko giza beharra jorratzen du; ahula edo, are gehiago, faltsua den jakitun ere pertsonak oinarri bati heldu eta, lasaitasunerako giltza gisa, bere egiteko duen joeraz. Minaren begirada pertsonala proposatzen du Egoyanek, baina bazkalosteko ohiko telefilmen eskemara gehiegi hurbiltzen da zenbait unetan, agian aukera gehiago ematen zituen istorio mardul honetan.

"For those who can tell tales", eguneko beste proposamena, ere izugarria eta deserosoa da. Hau ere benetako gertakari batean oinarrituta eraiki dute, erritmo geldo samarrean. Ausaz Bosniara heltzean, obsesio bat azaleratuko zaio turista australiar bati: ez du Balkanetako gerrak utzi dituen zauriak eta horien aurrean jendeak erakusten duen isiltasuna ulertuko.