Zinemaldia 2024
Savage Cinema
Bruce Brown akziozko filmen zuzendaria Zinemaldian egongo da
Erredakzioa
Kultuzko zinemagileaz gain, hainbat aktore eta kirolari ere bertaratuko dira Donostiara, Savage Cinema muturreko kirolei buruzko sailaren bigarren edizioan parte hartzera.
Motorrean, skatean edo eski librean aritzen diren hainbat kirolari eta aktorek Donostiako Zinemaldian parte hartuko dute, Savage Cinema sailaren kariaz. Besteak beste, Bruce Brown akziozko zinemaren kultuzko zuzendariak izango da Gipuzkoako hiriburuan egun horietan.
Brown irailaren 24an egongo da Donostian, “On Any Sunday” bere garaian Steve McQueen protagonista izan zuen filmaren proiekzioan parte hartzen. Film dokumental onenaren Oscar saria irabazteko izendatuta egon zen lan hori, 1971an.
Bi egun geroago, Donostiako belodromoak “On Any Sunday – The Next Chapter” Dan Brownek, Bruceren semeak, zuzenduriko filmaren mundu mailako estreinaldia hartuko du. Egun horretako mota guztietako motorrek hiria hartuko dute.
Savage Cineman, Blitz Motorcylce Pariseko tailerreko kideak ere izango dira, mundu mailako bigarren estreinaldiaren protagonistak. “The Greasy Hands Preachers” lanak parekorik ez duten motorrak sortzen dituzten mekanikari hauen lanari behatzen dio.
Zikloan, “Danger Dave” ere emango dute. David Martelleur belgikar skaterraren bizimodua kontatzen du; 14 urte zituela patinatzen eta alkohola edaten hasi zen, eta 20 urte zituela kirola utzi zuen, drogaren zurrunbiloan harrapatuta.
Martelleur Zinemaldian egongo da, baita Peter Morimer eta Nick Rosen “Valley Uprising”eko zuzendariak ere.