Zinemaldia 2024
Donostia Saria
Benicio del Toro, aktore basatia
Natxo Velez | eitb.eus
Donostiako Zinemaldiak puertorricar aktoreari emango dio aurtengo edizioko bigarren Donostia saria. Oscar saria irabazi zuen aktoreak, 2000. urtean, “Traffic” filmean egindako lanari esker.
-
Benicio del Toro
Sean Penn aktore eta zuzendariak (honek ere Donostia saria irabazi zuen, 2003ko edizioan) Benicio del Toro “The Indian Runner” eta “The Pledge” filmetan zuzendu eta gero esan zuenez, puertorricar aktorea “interpretazioaren animalia bat da, basotik atera eta zuregana pelikulak hobetzera etortzen den horietakoa”.
Benicio Monserrate Rafael del Toro Sanchez San German hirian jaio zen, 1967ko otsailaren 19an, eta 2011. urtetik espainiar herritartasuna ere badu. Ibilbide profesionalean denetariko paperak egin ditu hamaika filmetan: “Susmopean”, “Traffic”, “Sin City”, “Fear and Loathing in Las Vegas”, “Snatch”, “Che”…
Beniciok hamahiru urte zituela, deltorotarrak Pennsylvaniara aldatu ziren. AEBn, Merkataritza ikasten hasi zen, unibertsitatean, baina Los Angelesera joan eta interpretaziora biratu zuen arreta; New Yorken eta Kalifornian aritu zen ikasten.
80ko hamarkadaren amaieran, telesailetan agertzen hasi zen Del Toro, gehienbat hiltzaile edo trafikatzailearena egiten, “Miami Vice” eta gisa horretako programetan. “La Isla Bonita” Maddonaren kantuaren bideoklipean ere agertu zen, 1987an.
21 urte zituela, inoiz James Bonden pelikula batean gaizkile nagusiarena egiten agertu den aktore gazteena bilakatu zen; “Licence to Kill” pelikula ahaztua izan zen, ondoan Timothy Dalton zuela, 007 agentearena egiten.
1995etik aurrera, ibilbidea indartuz joan zen, urratsez urrats: “Susmopean” filmean egindako paperak Hollywoodeko industrian kokatu zuen, eta horren ostean “Fear and Loathing in Las Vegas”, “Traffic” eta beste asko etorri ziren. Steven Soderberghen pelikulan egindako paperagatik, Oscar saria eman zioten.
Geroago, beste hamaika pelikulatan parte hartu du Benicio del Torok: “Snatch”, “21 gramo” –Alejandro Gonzalez Iñarrituren pelikula honetan egindako lanagatik Oscar sarirako izendatu zuten–, “Che”…
Donostian, “Escobar: Paradise Lost” aurkeztuko du, aktore taldean Josh Hutcherson, Carlos Bardem eta Claudia Traisac dituen istorioa. Nick surflari gaztea da protagonista: Kolonbiara joango da, anaiari bisita egiten, eta, bertan dagoela, Maria kolonbiar lirainarekin maiteminduko da. Arduradunek azaldu dutenez, “denak oso polita dirudi, gaztetxoaren osaba, Pablo Escobar delako bat, ezagutzen duen arte”.