Zinemaldia 2024
'Entrega'
Tom Hardy eta James Gandolfini, lokatzetan dirdiratsu
Natxo Velez | eitb.eus
Britainiarra eta ‘Tony Soprano’ zena zein baino zein txukunago moldatzen dira kameraren aurrean, gangsterrek mendean hartutako Brooklyn ilunean girotutako thrillerrean.
Michael Roskmanenek “Entrega” filma aurkeztu du Zinemaldiaren 62. edizio honetan. Intrigazko pelikulak eserlekutik mugitu gabe, zentzumenak filmean adi, uzten du ikuslea uneoro, kazetarientzako emanaldian konprobatu ahal izan denez, Dennis Lehane bostondar eleberrigilearen (“Mystic River”, “Shutter Island”…) gidoi trinkoa baliatuta.
Lehanek izenburu beraren pean kaleratutako eleberrian oinarritutako istorioak pitbull txakurkume batek elkarrekin lotutako lau pertsonaia misteriotsu ditu ardatz. Oroz gaindi, Tom Hardyk eta James Gandolfinik lehengusu bikote bat gorpuzteko egindako ahalegina gailentzen da filmean; interpretazio paregabeak egin dituzte. Gandolifinik, gainera, pantaila handirako egin zuen azken papera da, zoritxarrez.
Film luzearen 107 minutuetan, ondo baino hobeto dosifikatuta daude istorio hariaren tenkadak: aurkezten zaigun baino gatazkatsuak diren pertsonaien bilakaerarekin paraleloan etortzen dira gertakariak. Horren guztiaren agertoki, Brooklyn latza, gogorra, Manhattaneko auzokide gaizkileen glamourretik oso urruti, “Irlandarren klan”ean Phil Joanou zuzendariak aurkeztu zituen langile auzoetako gangsterren habitat egoki gisa marraztuta.
Michael Roskman zuzendariak Donostian esan duenez, “Inozentziaren bilaketa dago ‘Entrega’ren muinean. Inozentzia da gakoa. Bilatzeari utzi eta gero txakur batengan aurkitzen duen gizon baten istorioa da. Hori da pelikularen bihotza. Gainerakoa gero etortzen da”.