Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Astelehena

Euskal zinemaren egun handia, Zinemaldian

Natxo Velez | eitb.eus

Zinemira gala zuzenean jarraitu ahal izango da, eitb.eus-en, 20:00etatik aurrera, eta, bertan, Pedro Olea omenduko dute. Gainera, "Negoziatzailea" Borja Cobeagaren filma estreinatuko dute jaian.

1:39

Euskal zinemaren urtea da hau Donostiako Zinemaldian, eta gaur toki are handiagoa hartuko du bertoko zinemagintzak zazpigarren artearen plazan: Victoria Eugenia antzokiak Zinemira gala hartuko du, 20:00etatik aurrera, eitb.eus-eko kamerak horren lekuko direla, eta webgunean zuzenean ikusi ahalko da.

Euskal zinemaren jai handian, Pedro Olea bilbotar zuzendari, ekoizle eta gidoilaria omenduko dute. 1968. urtean abiatu zuen ibilbidea Oleak eta "Un hombre llamado Flor de Otoño", "Akelarre", "El maestro de esgrima" eta beste hamaika titulutan utzi du bere arrastoa harrezkero.

Horrez gain, "Negoziatzailea" Borja Cobeagaren filmaren estreinaldiaren eguna ere izango da astelehena. 2006an Jesus Egigurenek eta Josu Urrutikoetxeak eta Xabier Lopez Peñak izan zituzten elkarrizketak berritu ditu donostiar zuzendariak bere hirugarren filmean, komedia bat egiteko.

Sail Ofiziala

Bestalde, Sail Ofizialean, "Casanova variations", "Phoenix" eta "Hamoo" ikusi ahalko dira, asteari ekiteko.

"Casanova variations" Michael Sturmingerren filmak inoiz izan den seduktorerik handienaren mitoa irudikatzen du. Fikzioaren bidez ez ezik, antzezpenekin ere kontatzen du protagonistaren istorioa: Casanovaren abenturak, pasioak eta, batez ere, heriotzari zion beldurra. John Malkovich du protagonista istorioak.

"Phoenix"en, aurpegia erabat desitxuratuta itzuli den emakumezko abeslari baten istorioa kontatzen du Christian Petzold zuzendariak. Ebakuntza egin eta osatu ondoren, senar piano-jotzailearen bila hasiko da, baina topaketa ez da berak uste zuen bezalakoa izango.

Azkenik, "Hamoo" korearrak etorkinak legez kanpo garraiatzen dituen arrantza-ontzi baten istorioa kontatzen du. Halako batean, planak huts egingo du, istripu tragiko bat izango dutelako.

Besteak beste, "On any Sunday" motozaleentzako filma ere emango dute, baita "Jauja" Viggo Mortensen aktoreak Argentinan filmatutako azken lana eta beste asko ere.