Zinemaldia 2024
Asteartea
Udazkeneko loreak indartsu ernatzen, Zinemaldian
Natxo Velez | eitb.eus
“Udagoieneko loreak, indar gutxi” dioen atsotitzari entzungor, ikusmira handia piztu du gaur “Loreak”en estreinaldiak. Euskaraz filmatutako pelikula bat lehenengoz lehiatuko da Sail Ofizialean.
Atzo gauean, Zinemira gala ospatu zela eta, euskal zinema denen ahotan egon zen, Malkovich eta Viggo Mortensen ez ezik, Zinemaldian. Gaur ere euskal zinemaren usainaz abiatuko da asteartea, “Loreak” Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendarien filmaren estreinaldia dela eta.
Urrezko Maskorraren bila abiatuko den filmak loreek eraldatutako hiru bizimodu ditu hizpide: Aneren bizitza aldatu egingo da, etxean, astero-astero, lore-sorta bat jasotzen hastean. Lourdesen eta Tereren bizitza ere lore misteriotsu batzuen eraginpean egongo da: ezezagun batek, astero, lore-sorta bat uzten du haien bizitzan garrantzitsua izan zen norbaiten omenez. Loreek ahaztutzat jotzen zituzten sentimenduak ateraraziko dizkiete….
Horrez gain, “La voz en off” ere egongo da ikusgai Zinemaldiko atal nagusian, bosgarren jardunaldian. Txile, Frantzia eta Kanadako ekoizpenaren zuzendaria Cristian Jimenez da, eta Sofiaren istorioa kontatzen du: Sofiak urtebete emango du mugikorrik, telebistarik, Internetik eta irakurketarik gabe, bizimodua aldatu nahian; bakeak, ordea, ez dio asko iraungo.
Bestalde, “Soroa” Asier Altunaren film laburra eta Paco de Lucia zenaren ibilbidea errepasatzen duen dokumentala ikusi ahalko dira Zabaltegin, baita Latinoamerikako film onenak Horizontes Latinos sailean, zuzendari berrien lan onenak, Dorothy Arzner zinemagile aitzindariaren atzera begirakoa, Ekialdeko Europako filmen aukeraketa… Beti bezala, programazio oparoa egongo da hiriko zinema aretoetan.