Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

63. EDIZIOA

Zinemaldia, Merian Cooper eta Ernest Schoedsack zinemagileei begira

Erredakzioa

Merian C. Cooperrek eta Ernest B. Schoedsackek “King Kong” zuzendu zuten 1933an, eta "Hollywoodeko sortzaile-bikote bitxi eta kitzikagarrienetakoa" osatu zuten.

  • Ernest B. Schoedsack eta Merian C. Cooper Zinemaldia

    Ernest B. Schoedsack eta Merian C. Cooper Zinemaldia

Donostiako Zinemaldiaren 63. edizioak Merian C. Cooper (1893-1973) eta Ernest B. Schoedsack (1893-1979) zinemagileen pelikulei eskainitako atzera begirako ziklo bat eskainiko du. Hollywoodeko historiak inoiz eman duen "bikote sortzaile bitxi eta estimulatzaileenetakoa" eratu zuten bi zuzendariek Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) zinemaren aro klasikoan, Zinemaldiko arduradunek adierazi dutenez.

Hainbat belaunaldiz King Kong (1933) film ospetsuaren egile izateagatik ezagutu dituzte Cooper eta Schoedsack, baina beste film batzuetan ere aritu ziren elkarrekin: The Most Dangerous Game (1932) Cooperrek ekoitzia eta Schoedsackek eta Irving Pichelek egina; eta Dr. Cyclops (1940) miniaturizatutako izaki batzuei buruzko fantasia telurikoa, Schoedsackek bakarka egina, adibidez.

Jatorriz abenturazaleak biak, antropologiako hainbat espediziotan parte hartu zuten kamerari gisa, eta hor piztu zitzaien zinema dokumentalarekiko grina. Hala, elkarrekin genero horretako bi maisulan zuzenduta egin zuten debuta: Grass (1925) eta Chang (1927). Lehenengoan, Persiako (gaur egungo Iran) tribu nomada baten eguneroko bizitza jaso zuten; bigarrenean, berriz, Siamgo oihaneko natibo baten eta elefantekume baten arteko harremana erakutsi zuten. Horren betiko oihartzuna izango da, apika, beren fikziozko filmetan beti ikasbide dokumentalak indar handia izatea: King Kongen eta Zaroffen istorioak esploratu gabeko mundu exotikoekin izandako harremanetik sortu ziren, adibidez.

Cooper-Schoedsack bikotea galtzak bete lan aritu zen 30eko hamarkada osoan zehar, Ruth Rose (1891-1978) gidoilariarekin batera. Hiruren artean, hainbat generotako filmak jarri zituzten martxan; Cooperrek ekoitzi zituen eta Schoedsackek zuzendu, hala bakarka nola lankidetzan, The Monkey's Paw (1933) eta Blind Adventure (1933) gisako misterio filmak; Trouble in Morocco (1937) eta Outlaws of the Orient (1937) abentura filmak; The Last Days of Pompeii (1935), Bulwer-Lyttonen eleberri ezagunaren moldaketa; eta John Barrymore protagonista izan zuen Long Lost Father (1934).

King Kong egin ostean, zuzendaritza lanetatik urrundu zen Cooper, eta RKO etxeko ekoizle nagusietako bat bihurtu zen. Han, Fred Astaire eta Ginger Rogersekin egin zuen lan, adibidez.

1933an, David O. Selznickekin elkartu zen, eta 40ko hamarkadan John Fordekin batu zen, The Fugitive (1947), Fort Apache (1948), Rio Grande (1950), The Quiet Man (1952) eta The Searchers (1956) haren filmak eta beste asko pantailaratu zituen.