Itxi

Zinemaldia

63. Zinemaldia

Hasi da ikuskizuna

Natxo Velez | eitb.eus

Mireia Gabilondok eta Cayetana Guillen-Cuervok aurkeztutako ekitaldiak bederatzi eguneko zinema topagunea abiatu du. “Regression” Alejandro Amenabarren pelikularen estreinaldiak jarraitu dio galari.

Proiektagailuak, doituta; alfonbra gorria, donostiar zoruan zabalduta; pantailak zuri-zuri, dirdaitsu, bederatzi egunez topaketak, agurrak, porrotak, garaipenak, beldurrak eta irriak islatzeko gertu; eta zinemetako eserlekuak ikusleak hartzeko prest, galaren ostean Kursaalen eskaini duten “Regression” Alejandro Amenabarren filmaren ikusleen mugimendu artegei eusteko maratz, adibidez. Dena dago prest Donostian Zinemaldirako.

Bederatziak jo berri zirela, Oreka TX taldearen perkusioak hautsi du izotza Kursaaleko entzunaretoan: txalaparta doinuek abiatu dute Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 63. edizioa.

Erritmoak apaldutakoan, Mireia Gabilondo eta Cayetana Guillen-Cuervo aktoreek, galaren aurkezleek, hartu dute agertokia, eta, lehenik eta behin, Pilar Olascoaga zena, antolakuntzatik zinema jaialdiaren alde lan eskerga egin zuen emakumea, omendu dute.

Jaialdia bukatuko den bezala hasteko edo, sariak emanez jarraitu du gauak; hori bai, Urrezko eta Zilarrezko Maskorrena barik, Fipresci nazioarteko kritikarien sariaren txanda izan da gaurkoan. “Mad Max: Fury Road” filmak irabazi du golardoa, eta George Miller zuzendariak berak jaso du. “Surrealista da pelikula ero honek saria jasotzea. Filma jazarpen pelikula batetik haratago doa, eta goresteko modukoa da kritikariek hori aintzat hartu izana”, esan du Millerrek.

Horren ostean, Antonio Resines Zinema Zientzia eta Arteen Espainiako Akademiaren presidenteak Donostiako Zinemaldiak industriako kideen artean hartu duen pisua goraipatu du, eta Zinema Eraikitzen saila jarri du horren adibide: postprodukzio fasean dauden latinoamerikar filmak amaitzeko laguntzak ematen ditu atal horrek.

Bide horretatik doa Horizontes Latinos saila ere: Latinoamerikan ekoitziriko pelikularik onenak eskaintzen ditu, eta bertako zinemagintzarentzat dagoeneko ezinbestekoa dela esan du Agustina Chiarino saileko epaimahaiburuak.

Diego Lerer Zuzendari Berriak ataleko epaimahaiaren presidentea gisa bertsuan mintzatu da, eta zinemagileen lehen edo bigarren film luzeak hartzen dituen atal honek zuzendariei ez ezik zinema egiteko modu berriei ere aupada nabarmena ematen diela esan du.

Itziar Ituño, Secun de la Rosa eta Barbara Goenaga aktoreek hartu dute hitza gero, eta aurten Donostian eskainiko diren filmek makina bat hizkuntzatan jorratuko dituzten hamaika gaien errepasoa egin dute, gure iragan, orain eta etorkizunaren errepasoa egingo duten filmak zerrendatu dituzte, alegia: gerrak, indarkeria, terrorismoa, maitasuna, gorrotoa, natura, fantasia… Mila gairi beste horrenbeste ikuspuntutatik begiratuko diete berriz ere filmek Zinemaldian, errealitatea fikzioaren bidez kontatzeko. “Gaur egungo zinemak ez du mugarik”, esan du Goenagak agertokitik.

Urtero bezala, beste jaialdi batzuetan, hala nola Cannesen edo Sundacen, oihartzuna izan duten filmak erakutsiko dituzte Zabaltegi eta Perlak sailetan, eta Savage Cinema eta Culinary Cinema atalek kirola eta gastronomia uztartuko dituzte hurrenez hurren zazpigarren artearekin.

Sail Ofiziala

Ondoren, Sail Ofizialeko epaimahaiko kideak aurkeztu dituzte Gabilondo eta Guillen-Cuervok: Paprika Steenek, Nandita Dasek, Daniel Monzonek, Hernan Musaluppik, Julie Salvadorrek, Uberto Pasolinik eta Luciano Tovolik erabakiko dute aurten zeinek eramango dituzten Urrezko Maskorra (pelikula onena), Zilarrezko Maskorrak (aktore onenak eta zuzendari onena) eta argazkigintza onenaren eta gidoi onenaren sariak.

Kideon izenean, Paprika Steen emakumezko aktore onenaren iazko Urrezko Maskorraren irabazle eta epaimahaiko presidenteak parte hartu ahal izatea “ohorea” dela adierazi du, eta hilaren 26an hartuko duten erabakia gorabehera zinemak irabaziko duela esanez itxi du hitzaldia.

“Regression”

Gala biribiltzeko, “Regression” Alejandro Amenabar zuzendariaren film berria proiektatu dute Kursaalen. Agertokitik, Ethan Hawke eta Emma Watson pelikulako aktore nagusiak filmatze lanetan murgilduta daudelako Donostian ez egoteagatik barkamena eskatu du madrildarrak, eta bi aktoreok grabatutako mezu bana jarri dute pantailan.

“Tesis” bere lehen filmarekin etorri zen lehenengoz Amenabar Zinemaldira, bertan bildutakoei gogorarazi dienez, eta orduan inoiz jaialdia bere pelikula batek zabalduko zuela pentsatzea ezinezkoa zitzaiola erantsi du. “Gustuko ez baduzue, ez iezadazue gaur esan, bihar arte itxaron”, esan du umoretsu, pelikula hasi baino lehenago.

Zinemak gidatuko du Donostiaren egunerokoa, beraz, hurrengo bederatzi egunetan. Jakina da, “Cinema Paradiso” filmean Antonio proiekziogileak esaten zuen bezala, bizitza ez dela zineman ikusten dugun bezalakoa, bizitza zailagoa dela, baina zinemak bideak zabaltzen dizkigu, ikuspuntuak aurkeztu. Ez da gutxi.

u. Ez da gutxi.