Zinemaldia
Zinemaldia
'Freeheld' filmak irabazi du Sebastiane saria Zinemaldian
Agentziak | Erredakzioa
Gehitu elkarteak “lesbianek eginiko borrokari, gizon gayei eta bisexualei bidea zabaldu dien ibilbide sarritan mututuari, merezitako omenaldia eskaintzen diolako” aukeratu du filma.
Gehitu Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen elkarteak “Freeheld” Peter Sollet zuzendariaren filmari eman dio Sebastiane saria aurtengo Zinemaldian. Ellen Page eta Julianne Moore protagonista dituen istorioa jaialdiko Sail Ofizialean erakutsi dute.
Joseba Errekalde, Juanjo Arin, Nicolas Subiran, Igor Blanco, Mattin Garikano, Alec Ezpeleta eta Joaquin Garrido elkarteko kideek osatu eta Benoit Arnulfek zuzendutako epaimahaiaren aburuz, “Freeheld”ek “bikotekideetako baten gaixotasunak kateatuta bizi behar duen bikote baten maitasun istorio ederra kontatzen du, eta alargun pentsioaren aldeko borroka erakusten du”.
“Euren borroka hori, halere, AEBko herritar guztiek berdin ezkondu ahal izateko eskubidearen aldeko bultzada handia izan da, eta horrek gizarte hobe eta bidezkoagoa egin du”, esan dute.
Haien ustez, “lesbianek eginiko borrokari, gizon gayei eta bisexualei bidea zabaldu dien ibilbide sarritan mututuari, merezitako omenaldia eskaintzen dio filmak, eta borroka, elkartasuna, berdintasuna eta konpromisoa bultzatzen ditu”.