Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

'Sparrows' filmak irabazi du Zinemaldiko Urrezko Maskorra

Natxo Velez | eitb.eus

Runar Runarssonen filmak lortu du jaialdiko sari nagusia. Zilarrezko Maskorrak Joachim Lafoss zuzendariak eta Yordanka Ariosa, Ricardo Darin eta Javier Camara aktoreek eraman dituzte.

?Sparrows? Islandia, Danimarka eta Kroaziako ekoizleekin Runar Runarsson islandiarrak zuzendutako filma izan da, Paprika Steen aktorea buru izan duen epaimahaiaren aburuz, Donostiako 63. Zinemaldiaren Sail Ofizialeko filmik onena, eta berak eraman du, hortaz, sari gailena, Urrezko Maskorra.

Ari 16 urteko mutilaren istorioa kontatzen du filmak. Amarekin Reykjaviken bizi ostean, mendebaldeko fiordo urrunetara joan beharko du bueltan, aita Gunarrekin bizitzera. Hartu-eman kamutsa izango du bertan aitarekin, eta txikitako lagunak ere aldatuta ikusiko ditu. Giro etsigarri horretan, Arik bere bidea egiten saiatuko beharko du.

"Hain nago zoriontsu eta ohoratu. Pribilegioa izan da ahaleginak eta bi egin dituzten lankideekin jardutea. Eskerrik asko pelikulan parte hartu dutenei eta Donostiari", esan du zuzendariak saria jasotzeko orduan.

Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Joachim Lafosse belgikarrak irabazi du, ?Les chevaliers blancs? filmean egindako lanagatik. Benetako istorio batean oinarrituta dago filma: Txadeko 300 haur umezurtz frantziar gurasoei adopzioan eman nahi dizkioten GKE bateko kideen bizipenak kontatzen ditu.

"Oso harro nago pelikula honetaz, baina lantaldearen talenturik gabe ezingo nukeen sekula ere lortu. Sari honekin, haien lana itzultzen diet", esan du zinemagile belgikarrak agertokitik.

Interpretazioei dagokienez, Ricardo Darin argentinarrak eta Javier Camara espainiarrak (?Truman?) eta Yordanka Ariosa kubatarrak (?El rey de La Habana?) irabazi dituzte, hurrenez hurren, gizonezko eta emakumezko aktore onenen sariak.

Ariosak oso hunkituta jaso du saria, eta ?ohorea? dela adierazi du: "Eskerrik asko Donostiari eta epaimahaiari aktoreen familia honetan sartzeko ohorea emateagatik. Agusti Villaronga, eskerrik asko nigan konfiantza izatearren eta prozesu honetan zehar gidatzearren. Betiko gordeko dut artista gisa eta pertsona gisa zor dizudan mirespena", esan du. ?Kubako artxipielagoaren espiritua? hartu du gogoan solasaldia bukatzeko.


Camarak, bestalde, gaixorik dauden guztiei eta, pelikulan bezala, gaixo horiek zaintzen dituztenei eskaini die Maskorra. Halaber, Darin lankidea eta Cesc Gay "Truman"en zuzendaria ere hartu ditu ahotan.

Jarraian, Darinek Donostiako Zinemaldira itzultzea "plazera" dela adierazi du: "Pozten nau epaimahaikideek aktore biok aukeratu izana, horrelako istorioetan, bi pertsonaren arteko adiskidetasuna kontatzen duten filmetan, zaila izaten baita bata edo bestea baztertzea", gehitu du.

Bukatzeko, Darinek pelikulako ikusle baten txioa hartu du hizpide, oso ondo laburtzen baitu filma, bere aburuz: "23 urte dauzkat, heriotzari buruzko pelikula ikusi dut, eta bizitzari buruzko ia guztia ikasi dudalakoan nago", esaten zuen mezuak.

Epaimahai ofizialaren gainerako sariei dagokienez, gidoi onenaren saria Jean Marie eta Arnaud Larrieu anaiek jaso dute, "21 nuits avec Pattie" laneko istorioagatik, eta argazkilaritza onenaren golardoa Manu Decossek "Evolution" filmean aurrera eramandako ahaleginari eman diote.

Horrez gain, epaimahaiak aipamen berezia ere egin dio ?Evolution? Lucile Hadzihalilovicen filmari.

Euskal Zinemaren Irizar saria

?Amama? ETBren parte hartzea duen filmak irabazi du Euskal Zinemaren Iriziar Saria, Jose Mari Goenaga "Loreak"eko zuzendari eta epaimahaiaren presidenteak azaldu duenez, ?iruditeria boteretsu eta iradokitzailea? erakusten baitu. Asier Altuna zuzendariak jaio zen baserria hartu du gogoan saria hartzeko orduan, eta ?Aupa Asier Altuna eta aupa euskal zinema?, esan du Amparo Badiola aktoreak hitz egiteko bere txandan.

Gainera, Irene Escolar "Un otoño sin Berlin" filmeko aktorearentzat aipamen berezia izan du euskal zinemaren sariaren epaimahaiak, "pelikula oso baten pisua modu sinesgarrian bere gain hartzeko ahalmena erakutsi baitu".