Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

Irailak 22-30

Donostiako Zinemaldiak Sail Ofiziala itxi du, bost film gehiago sartuta

Agentziak | Erredakzioa

Antoniak, Berneri, Finkiel, Libon eta Hinant, Popescu eta Schwentke zuzendariak lehiatuko dira Donostiako Nazioarteko Zinemaldian, Urrezko Maskorra lortzeko.

  • Constantin Popescuk "Pororoca" bere hirugarren filma erakutsiko du Donostian

    Constantin Popescuk "Pororoca" bere hirugarren filma erakutsiko du Donostian

Zinemaldiaren antolatzaileek Sail Ofiziala itxitzat eman dute, bertan parte hartuko duten bost film iragarrita. Zuzendari hauek lehiatuko dira Urrezko Maskorra lortzeko Urszula Antoniak poloniarra, Anahí Berneri argentinarra, Emmanuel Finkiel frantsesa, Jean Libon eta Yves Hinant belgikarrak, Constantin Popescu errumaniarra eta Robert Schwentke alemaniarra.

Ohar batean, antolatzaileek adierazi dute Emmanuel Finkiel lehenbizikoz etorriko dela Donostiara eta "La douleur" / "Memoir of Pain" filma aurkeztuko duela, Marguerite Duras idazlearen estutasunei eta bihozminari buruzko egunkariaren egokitzapena.

Bestalde, Constantin Popescuk, "Pororoca" bere hirugarren film luzean, familia batek seme-alabetako bat desagertzen denean biziko duen eraldaketari buruz hitz egiten du, eta, AEBn lan egin eta gero, Robert Schwentke Alemaniara eta II. Mundu Gerrako azken uneetara itzuli da "Der Hauptmann" / "The Captain" filmarekin.

Urszula Antoniak poloniarrak "Beyond Words" bere laugarren filma erakutsiko du zinema jaialdiko Sail Ofizialean: abokatu gazte eta asmo handiko bati mingarria izango zaio bere sustraiekin bekoz beko aurkitzea.

"Alanis"en, prostituzioan aritzen den emakume batek bizi dituen zailtasunak deskribatzen ditu Anahí Berneri argentinar zinemagileak.

"Ni juge, ni soumise" / "So Help Me God" filmean, Jean Libon kazetari grafiko eta dokumentalistak eta Yves Hinant kazetariak gertutik jarraituko diote Anne Gruwezi, Bruselako instrukzioko epaile guztiz ezohikoari.

Film horiekin erabat osatuta dago Donostiako 65. Zinemaldiko Sail Ofiziala; hain zuzen, lehiaketako 18 film, lehiaketaz kanpoko hiru, eta lau emanaldi berezi izango dira.