Zinemaldia 2024
Irailaren 23an
EOSek hainbat filmen soinu bandak interpretatuko ditu Zinemaldian
Agentziak | Erredakzioa
Emanaldia irailaren 23an izango da, 12:00etan, Belodromoan, sarrera doakoa dela. “Nur eta herensugearen tenplua” filmaren musika joko dute, besteak beste.
EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak filmen soinu bandak interpretatuko ditu, beste urte batez, Donostiako Zinemaldiaren baitan, orkestrak berak, SGAE Fundazioak eta Zinemaldiak antolaturiko saioan.
Emanaldia irailaren 23an izango da, larunbatarekin, Belodromoan, eta Zinemaldiko arduradunek ziurtatu dute ordu eta erdiko "ikus-entzunezko gozamena" izango dela. Saioa eguerdiko 12etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango da.
Horrela, antolatzaileek jakinarazi dutenez, "El laberinto del fauno" (Guillermo del Toro), "Bienvenido Mr. Marshall" (Luis García Berlanga), "O Apóstolo" (Fernando Cortizo), "Nur eta herensugearen tenplua" (duela gutxi zendutako Juanba Berasategirena, omenaldi gisa) eta "Los Borgia" (Antonio Hernández) lanen musikaren interpretazio sinfonikoa entzun ahal izango da emanaldian.
Partitura horien egileak Javier Navarrete, Jesús García Leoz, Xavi Font, Joserra Senperena eta Angel Illarramendi dira, hurrenez hurren, eta horietako batzuk kontzertura bertaratu eta agertokira igoko dira lana aurkezteko.
Esan bezala, sarrera doakoa izango da, baina beharrezkoa izango da aurrez gonbidapena jasotzea, irailaren 16tik 22ra, Zinemaldiak Kursaal Elkargunean eta Okendo plazan dituen informazio guneetan, 09:00etatik 20:00etara; Donostia Turismoa bulegoan ere jaso daitezke, astelehenetik larunbatera 09:00etatik 20:00etara, eta igandean 10:00etatik 19:00etara.