Zinemaldia 2024
ELKARRIZKETA
Fuchs eta Castagnet ('Non'): 'Gure helburua jolastuz zinema egitea zen'
O.A. | EITB.EUS
Ximun Fuchsek eta Eñaut Castagnetek 'Non' filma aurkeztu dute Donostiako Zinemaldian, Zinemira sailean eta beraiekin hitz egin dugu.
2016ko lan-erreformaren garaian, Frantziako hiri txiki batean, Radial enpresak bere ateak itxiko ditu greba gogor baten ondoren. Langabezian geratu berritan Brunok barruan pilatutako aspaldiko amorrua aterako du poliziari ezezkoa emanda. Lehenengo ezetzaren ondotik, segidan, domino efektuaz, muturreko gertakari gehiago etorriko dira. Hori da labur esanda Non filmak kontatzen duena.
Ximun Fuchs eta Eñaut Castagnet lehengusuek Non beraien lehen film luzea aurkeztu dute Donostiako Zinemaldian, Zinemira sailean eta beraiekin hitz egin dugu.
Nola sortu zen Non filma egiteko ideia?
Ximun Fuchs: Lehengusuak gara, aspaldian ezagutzen gara, lan egin dugu elkarrekin eta bagenuen gogoa film bat egiteko.
Nik idazkera landu dut. Idazten ari nintzela Air Franceko greba hori zegoen, langileek enpresako ordezkarietako bati atorra urratu zieten eta Emmanuel Macron —orduko Ekonomia ministroa— AEBra joan zen esatera "It's not about french people, it's about stupid people". Orduan, jende bat, klase sozial oso bat mundutik kanpo sentitu ziren, baztertuta. Langileak tresna bilakatzen dira, ez dira gehiago pertsonak, eta horrelakoetan umiliazioa eta basakeria mota bat sortzen da. Berdin gertatzen da auzune txiroetan, hiri handietan. Gazteek, immigranteen bigarren belaunaldiko kideek edozer gauzari sua ematen diote adierazteko gizarteari sua. Ez da aukera politiko bat, defentsa tresna bat da.
Horren inguruan gogo bat bazegoen eta aldi berean kontatu nahi genuen mundu koloretsu eta alai bat bezala. Mundu hori nonbaiten, pantailan agerraraztea inportantea zen guretzat.
Ideiatik filma egin arteko prozesua nolakoa izan da?
Ximun Fuchs: Ez genuen batere dirurik. Gehienez jota, film labur bat egiteko aukera genuen, hiruzpalau pertsonaiarekin. Bat-batean, hiri oso bat jarri zen martxan —Capdenac— eta 500 pertsona, eliza bat, ospitale bat,... lortu genituen. Filmean energia hori ikusten da, langile herri horretako jendea hor zegoen gurekin.
Egin nahi genuen, egin behar genuen eta egin dugu. Eñaut eta biok denbora asko pasa dugu herriko jendearekin hitz egiten. Guk kontratu bat egin genuen bertako herritarrekin eta proposatu genien gurekin zinema egiten jolastea. Gurekin oso eskuzabalak izan dira eta 19 egunez gure ondoan egon ziren, grabatzen, eskaintzen, ematen.
Eñaut Castagnet: Batzuek haien opor guztiak hartu zituzten guri laguntzeko.
Ximun Fuchs: Ez genuen dirurik, baina kriston ahalmenak genituen. Herriko jendeak bezala, teknikoek ere lagundu digute. Lan egiteko modu horri esker dena posible izan da.
Zuen lehen filma izanik, hasiera jarritako helburuak bete dituzue?
Eñaut Castagnet: Nik esango nuke baietz, ze lortu dugu egitea eta azkenean horrelako proiektuak batzuetan hasten dira eta ez dira inoiz bukatzen. Beraz, bukatu dugu, hemen gara, garaipen bat da jada. Hasieran ez genituen helburu asko, helburua zen Ximunek esan duen bezala, jolastuz zinema egitea. Ekoizlerik ez genuenez, egiten ahal genuen nahi genuena. Zineman, gehienetan, ekoizleak dirua mahai gainean ezartzen duelarik gero bere ikuspuntua ematen du gidoian, istorioan, kontatzeko maneran, etab eta guk hori ez genuenez askatasuna ukan dugu nahi genuena egiteko. Eta egin dugu!
Ximun Fuchs: Askatasun bat eta egiteko posibilitatea lortu nahi genuen, jendearengana iritsi eta hemen da ez da geratu ordenagailu batean. Jendearekin jolastu nahi genuen.
Filma zinema aretoetan erakutsiko al da?
Ximun Fuchs: Grabaketa egin genuen Capdenac herrian bertako jendearekin proiekzio pribatu bat egin genuen, baina Donostiako Zinemaldian izan da estreinaldia. Iparraldean azaroaren 6an estreinatuko da zinema areto guztietan eta orain beste toki batzuetan erakusteko lanketa egiten ari gara.
Ba al duzue beste proiekturik buruan?
Ximun Fuchs: Bai, euskarazko beste pelikula bat egiteko asmoa dugu, gaiarekin lotuta. Nik uste dut artistek badugula herri eraikuntzan parte bat hartzeko zeregina, gure eremuan.
(...)
Artearen funtzioetako bat da bere garaia kontatzea eta hori bihotzetik, intuiziotik egitea. Artistak lekukoak gara, lekuko subjektiboak, eta lortzen badugu jendearengan zerbait probokatzea bihotzean eta buruan, bikain.