Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

66. edizioa

Zinemaldiak belodromora eramango dituen pelikulen egitaraua aurkeztu dute

eitb.eus | erredakzioa

Antonio Elorza belodromoan 3.000 pertsonatik gora sartzen dira, eta 'Arde Madrid', 'Dilili à Paris', 'Campeones', 'Ni distintos ni diferentes: campeones' eta 'Smallfoot' emango dituzte.

  • Zinemaldia 2018ren kartela. Argazkia: Zinemaldia

    Zinemaldia 2018ren kartela. Argazkia: Zinemaldia

Antonio Elorza belodromoan, 3.000 pertsona baino gehiagorentzako zinema-aretoan, lan hauek aurkeztuko ditu Zinemaldiak: Arde Madrid Paco Leonek eta Anna R. Costak sortutako telesaila, osorik; Dilili à Paris / Dilili in Paris (lan honekin Michel Ocelot bueltan da, Kiriku pertsonaia sortu zuenetik 20 urtera); bi emanaldiko saio bat (Campeones, Javier Fesser zinemagilearena, urteko film espainiar arrakastatsuena, eta Ni distintos ni diferentes: campeones, filmari buruzko dokumentala), eta Smallfoot Karey Kirkpatrick zuzendariak egindako animaziozko lana.

Arde Madrid telesaila 1961eko benetako gertaera batean oinarrituta dago, hain zuzen, Ava Gardner Madrilen Juan Domingo Peronen goiko solairuko bizilaguna izan zenekoa. Paco Leon (zuzendaria ere bada), Inma Cuesta, Debi Mazar, Anna Castillo eta Julian Villagran dira protagonistak. AEBko aktorearen etxeko langileen ikuspuntutik kontatutako istorioa komediaren eta thrillerraren artean mugitzen da.

Michel Ocelotek (Villefranche-sur-Mer, Frantzia, 1943) Dilili à Paris lana aurkeztuko du Donostian. Istorio horretan, Kaledonia Berritik etorritako neskato batek Parisen, Belle Époque garaian, gertatzen ari diren neska gazteen bahiketak ikertuko ditu. Ocelotek Kirikou et la sorcière (Kiriku eta sorgina, 1998) arrakastatsua egin zuenetik hogei urte igaro dira; lan horrekin film luze onenaren saria irabazi zuen Annecyko Festibalean, eta arrakasta hark balio izan zuen Frantziako eta Europako animaziozko filmen industria ezagutzera emateko. Gero, Kirikou et les bêtes sauvages (Kiriku eta basapiztiak, 2005) eta Kirikou et les hommes et les femmes (Kiriku eta gizonak eta emakumeak, 2012) heldu ziren.

Belodromoan, halaber, bi saioko emanaldi bat izango da: Campeones, Javier Fesser zinemagilearen lana, Espainiako urteko filmik arrakastatsuena, eta Ni distintos ni diferentes: campeones, Fesserren filmari berari buruzko dokumentala, Alvaro Longoriak zuzendu eta ekoitzitakoa.

Azkenik, Smallfoot animaziozko filma izango da, adin guztietako publikoari zuzendutako lana, jatorrizko musika eta izen handiko aktoreak dituena. Pelikula honetan, kankaz gora jartzen da yetiaren mitoa.