Itxi

Zinemaldia

Zinemaldia

Zinemaldia

66. Zinemaldia

Judi Denchek Donostia Saria jasoko du gaur, Euskal Zinemaren egunean

eitb.eus | erredakzioa

Aktore britainiarra saritu ondoren, protagonista duen 'Red Joan' filma aurkeztuko dute. Euskal Zinemaren Galan 'Jainkoak ez dit barkatzen' emango dute, eta Ramon Agirrek Zinemira saria jasoko du.

1:06

Judi Dench aktore britainiarrak (York, Erresuma Batua, 1934) Donostiako 66 Zinemaldia-ren hirugarren Donostia Saria jasoko du gaur. Festibaleko ohorezko sari garrantzitsuena Kursaal Auditoriumean emango diote, 19:30ean (zuzenean eitb.eus-en), Red Joan (Trevor Nunn) filmaren emanaldiaren aurretik.

Zinema britainiarraren dama handietako bat da Dench; zazpi aldiz izendatu dute aktore onenarentzako Oscar sarirako (hiru aldiz bigarren mailako emakumezko aktore onenaren arloan, eta beste lau aldiz emakumezko aktore onena bezala), eta 1999an irabazi zuen, bigarren mailako emakumezko aktore gisa, Shakespeare in Love pelikulan egindako lanagatik (Elizabeth erreginaren papera izan zuen 1998ko film hartan).

Halaber, bederatzi BAFTA sari eta Urrezko Globo bat ditu, besteak beste.

Red Joan pelikulan, alegia, saria eman ostean ikusgai izango den filmean, bizimodu lasaia duen emakume baten papera du Denchek; Erresuma Batuko inteligentzia-zerbitzuak Errusia komunistari informazioa ematea leporatzen dionean, bat-batean zeharo aldatuko da haren bizitza.

Euskal Zinemaren Gala

Baina Judi Denchez gain, gaur euskal zinema ere protagonista izango da, izen bereko gala egingo baitute Victoria Eugenian. Josu Martinezek Jainkoak ez dit Barkatzen estreinatuko du bertan, eta Ramon Agirrek euskal zinemaren omenaldia jasoko du, Zinemira saria emango baitiote.

Josu Martinez bilbotarraren filmak argitara aterako du XX. mendeko euskal historian funtsezkoa izan zen norbaiten lekukotza: Lezo Urreiztieta. Zinemiran lehiatuko da filma, eta sail horren barruan Samu Fuentesen Bajo la piel del Lobo ere aurkeztuko dute gaur.

Ramon Agirrek Zinemiraren ohorezko saria jasoko du aktore lanetan izan duen ibilbide luze eta oparoagatik eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako lehen antzerki eskolen sustatzaileetako bat izan zelako, besteak beste.

Euskal Zinemaren Gala zuzenean emango du eitb.eus-ek.