Zinemaldia 2024
Gala
Judi Denchek Donostia saria jaso du
N.V. | eitb.eus
Britainiar aktoreak Alexander Payne aurtengo epaimahai ofizialaren presidentearen eskuetatik jaso du donostiar jaialdiaren ohorezko saria.
Judi Dench britainiar aktorea Donostiako Zinemaldiaren sari nagusia jaso duten aktore eta zuzendarien taldean dago gaurdanik. Alexander Payne zinemagile eta Zinemaldiaren 66. edizio honetako epaimahaiaren presidenteak eman dio saria Denchi jendez lepo egon den Kursaaleko aretoan.
“Gabon, Donostia” esanez agurtu ondoren, aktoreak barkamena eskatu dio publikoari “beren hizkuntzan” ezin hitz egiteagatik, eta gogora ekarri du 15 urte zituela hirira lehenengoz etorri zenean nekez imajina zezakeela egun batean aktore izango zela eta are gutxiago, noski, Zinemaldiarena bezalako sari bat jasoko zuela.
“Hain nago esker oneko epaimahaiarekin, zuzendariarekin… Eskertuta nago. Etxera joango naiz, eta jende guztiari hitz egingo diot gaurko gauaz”, esan du hunkiturik.
Gala labur eta soila ixteko, Denchek “sari ikaragarriari” buruz harrotasun handiz hitz egingo duela adierazi du, txalo artean.
Oscar saria irabazteko zazpi aldiz izendatuta egon den aktoreak Donostiako Zinemaldira egin duen lehen bisita izan da hau. Duela hogei urte jaso zuen golardoa bigarren mailako emakumezko aktore onenaren atalean, ‘Shakespeare in Love’ filmean egindako lanagatik.