Zinemaldia 2024
Saria
'Handia'k EZAE saria jaso du Zinemaldian, lehen saria irabazi zuen toki berean
Agentziak | Erredakzioa
EZAE Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak kontuan hartu ditu filmak “euskal zinemari egin dion ekarpen izugarria, lortu duen arrakasta paregabea eta erakusten duen kalitate maila handia”.
Handia filmak EZAE Euskadiko Zine Aretoen Elkartearen laugarren saria jaso du gaur Zinemaldian, filmari emango dioten “azkenekoa” agian, Aitor Arregi eta Jon Garaño zuzendariek esan dutenez, eta oso pozik agertu dira zinemagileak Donostiako jaialdian izan delako, hemen lortu baitzuen Altzoko Handiaren filmak bere ibilbide oparoko lehenengo garaikurra.
Filmak “euskal zinemari egin dion ekarpen izugarria, lortu duen arrakasta paregabea eta erakusten duen kalitate maila handia” kontuan hartuta eman dio EZAEk saria Handia-ri.
Alfonso Benegas eta Coro Odriozola EZAEko ordezkarien eskuetatik jaso dute saria Arregik eta Garañok, Kursaalen egindako ekitaldi batean, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea bertan zela.
Jon Garañok azaldu duenez, “pelikulak bere ibilbidea egin du, eta baliteke hau azken saria izatea; oso polita da lehen eta azken sariak Donostiako Zinemaldian jaso izana”, iaz Epaimahaiaren Sari Berezia eta Euskal Zinemaren Irizar saria jaso baitzuen filmak.